Ataungo etnografia, aberatsago
Juan Arin Dorronsoro ikertzaile ataundarrak XX. mendean Ataungo etnografiaz idatzitako lanak liburuki bakarrean bildu ditu Aranzadik. Obra osoa argitaratzeko asmoan, 2. lana da.Kalean da Ataungo etnografia, herriko bizimoduaren alderdiak liburua. Juan ...
Juan Arin Dorronsoro ikertzaile ataundarrak XX. mendean Ataungo etnografiaz idatzitako lanak liburuki bakarrean bildu ditu Aranzadik. Obra osoa argitaratzeko asmoan, 2. lana da.
Kalean da Ataungo etnografia, herriko bizimoduaren alderdiak liburua. Juan Arin Dorronsoro ikertzailearen (Ataun, 18921972) obra osoa argitaratzeko Aranzadi zientzia elkartearen, Ataungo Udalaren eta Arin familiaren ekimenean, bigarren liburukia da. Herenegun aurkeztu zuten udaletxean, eta 10 euroan salgai ipini dute.Arinek XX. mendean zehar argitaratu zituen etnografiazko lan asko berrargitaratu ditu, baita batzuk sekula atera gabeak ere. Jose Alberto Andres ari da lan guztiak biltzen, aztertzen eta apailatzen: «Arinen ikerketarako funtzionamendua ez genekien zein zen. Baina Sara etxean haren aurkibidea topatu dugu. Etnografia lantzeko bazuen gidoi bat, eta hori hartu dugu eredu liburu honetarako».
Hiru multzotan bereiz daiteke Arinen lana: etnografia, Ataungo etxeen eta baserrien monografikoa, eta toponimia, 9.000 erregistro kokaturekin. Oraingo liburukian etnografia atala atera du. 300 aleko edizioa da.
Juan Arinen Urtea ari da ospatzen Aranzadi, 2017ko abendutik. Izena eta lana goratu nahi ditu. Jaiotzaren 125. urteurrena gogoratu, eta lehen liburukia aurkeztu zuten orduan. Orain, baserrien lanarekin ari da Andres ikertzailea. Beste lau edo bost liburuki hartuko ditu. Arinen lan osoa atera nahi dute.
Ukitu modernoarekin
Ataungo etnografiari buruzko lana ez da obra kritikoa. «Bere garaian, garbi ikusi genuen lanak bere horretan atera behar zirela». Baina tipografikoki zaindu dute, eta «ukitu modernoa» eman diote liburuari (308 orri). Ahozko eta agirietako aipamenak letra motekin desberdindu dituzte, baita erregistro linguistiko ugariak ere.
«Lan borobila, duina eta modernoa geratu da. Bera gustura egongo litzateke», laburbildu du emaitzak Andresek. Argazki eta irudi asko sartu dituzte, Jesus Elosegi edo Indalecio Ojangurenenak, Arinen garaikoak.
Aurkezpenean, Andresekin batera, Aranzadiko idazkari nagusi Juantxo Agirre eta etnografia saileko Fermin Leizaola izan ziren, baita Arin familiakoak ere.
Leizaolak, hainbat tresnari buruz maisu-klase etnografiko bat emateaz gain, Arin goratu zuen, eta 1958ko urrian ezagutu zuela esan du. «Don Juan Handi» deitu dio (Don Joan Txiki izengoitia zuen herrian). 1967ko ekainaren 25ean Ataunen egin zioten omenaldia oroitu zuen.













