Festa usaina dago dagoeneko Zumarragako kaleetan: kuadrillak Santa Isabel eguna prestatzen ari dira, eta haurrek Euskadi plaza hartu dute… Azken urteotako legez, haurrak izan dira kalera irteten lehenak. Asteartetik Euskadi
Festa usaina dago dagoeneko Zumarragako kaleetan: kuadrillak Santa Isabel eguna prestatzen ari dira, eta haurrek Euskadi plaza hartu dute…
Azken urteotako legez, haurrak izan dira kalera irteten lehenak. Asteartetik Euskadi plazako parkeaz gozatzen ari dira. Gaur ere irekiko dute: 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era. Gainera, 18:30ean apar festa egingo dute.
Haurrak dira Santa Isabel jaietako lehen protagonistak, baina 2018ko Santa Isabel jaiek beste izen propio batzuk ere badituzte. Gaur, zumarragarrek Eneko Galdos bizilaguna Aukeran dantza konpainiaren
Maurizia ikuskizunean ikusteko aukera izango dute.
Pregoilaria
Biharko protagonista nagusia, berriz, Asier de la Iglesia izango da. Izan ere, berak irakurriko du festetako pregoia. Zumarragar hau esklerosi anizkoitza dutenen aurpegia bilakatu da, bere bizipozari esker. Milaka pultsera saldu ditu dagoeneko ikerketaren alde, eta maiatzean GBC taldearekin ACB ligako partida jokatu zuen.
Santa Isabel jaietako pregoia irakurtzeak ilusio handia egiten dio. «Ez naiz sekula ohetik jaiki pregoia irakurtzeko deituko zidatela pentsatuz. Egia esan, sekula ez dut pentsatu pregoia irakurtzeko aukera izan nezakeenik. Baina ohore handia da. Herrian jaso dezakedan aitorpenik handienetakoa da».
De la Iglesia zumarragar peto-petoa da, gainera. «Elkarrizketa bat egiten didatenean, kazetari guztiei Zumarragakoa naizela jartzeko esaten diet. Donostiakoa naizela jartzeak amorru handia ematen dit. Urretxukoa naizela jartzeak, ordea, ez dit amorrurik ematen».
Saskibaloi munduan ere ondo dakite De la Iglesia nongoa den. «Kanpoko taldeetan aritu naizen guztietan, Zumarragakoa naizela esan diet. Herria ezagutzen ez badute, azalpenak ematen dizkiet».
Ez du pregoirik prestatuko. Bertsolariek bezala, bat-bateko lana egingo du. «Sekula ez dut testurik prestatzen. Igandean ordu eta laurdeneko hitzaldi bat eman nuen Getxon eta ez nuen testurik eraman. Zumarragarrak lasai egon daitezke: pregoia ez da ordu eta laurdenekoa izango. Zenbat denbora dudan galdetuko dut eta horretara mugatuko naiz. Une horretan sentitzen dudana azalduko dut. Hori da gustatzen zaidana», azaldu du Zumarragako saskibaloi jokalariak.
Santa Isabel jaiez gozatzeko asmoa du. «Gaixotasuna dela eta, ezin naiz nahi bezala ibili, baina ostiralean edo larunbatean lagunekin afalduko dut eta astelehenean Santa Isabel eguna ospatuko dut, noski».
Egun horretan ez da bera izango, ordea, protagonista nagusia. Beti bezala, ezpata-dantzarien lanak piztuko du herritarren arreta. Irrintzi taldeko dantzariek aukeratu dituzte jada aurtengo lau kapitainak: Mikel Antia, Sara Bidarte, Eneko Galdos eta Andoni Oruesagasti. Bidartek lehenengoz egingo du kapitain lana.