Lehen sagar berriak, San Joan sagarrak, bat egin du neguko azkenekoarekin; eta udako barazki berriak eta udazken-negurako landareak ekaineko azokak errematatzeko.

Neguko eta udako sagarrak batera salgai azokan.
Udaberria agurtu zen moduan ongi etorria eman dio udari Ordiziako azokak, eguzkitsu, dotore. Erritmo eta erosleen aldetik ere aldaketa nabari da. Beranduago hasten da bezeroen etorrera, haurren oporrak tarteko, goizez etxeetan patxaran. Kanpoko jende gehiago ere agertzen hasi da. Eta produktuei dagokienez, aukera zabala; urtaro guztiek bat egiten duteneko gunea bihurtzen da garai hau.
Barazki berrietan, piper morroa aipatu behar da. Berdea oraindik, gorritzeko orain arte gutxitan ikusi dugun eguzkia behar baitu, 6 euroan kiloa, Aramako Arizmendirenean. Aire libreko leka ere bai, Zaldibiako Kontxi Arizagak ekarria. Aire libreko kuiatxoa eta luzokerra ere hasi dira ekartzen. Baba bukatu da eta ilarra ere nabarmen bakandu, ez baita bero eta eguzki zalea eta laster lehortu da.
India mahatsa ere ekarri zuen, kiloko 12 euroko proportzioan, otar txikitan, Aramako Goikoetxeberrikoak; mugurdi, andere mahats eta marrubiekin batera zituen Arantxa Zurutuzak.
Udako sagar berriak
Euskal Herrian sagarretan sekulako aberastasuna dugu, hemengo fruta da. Mota asko galdu badira ere, urte guztia pasa daiteke hemengo sagarra jaten, garaian garaiko mota ugari baitugu. Goierriko moten artean azkenak eta lehenak atzo elkarren ondoan salgai ziren. Gabiriako Miren Agirrezabalak Mokotxoa zuen, «hauxe da urte bukaeran biltzen den azkena. Ontzen utzi eta, azala lodi xamarra badu ere, jateko gozo-gozoa dago oraintxe». Eta Itsasoko M aria Jesus Oriak lehen San Joan sagarra ekarri zuen.
Udazken-neguko landareak
Jende dezente landare postuetan eta aurrera begira jarrita gainera; batetik, udakoetan, aurretik landatutakoen artean sortu diren hutsuneak betetzeko, eta bestetik, udazken negurako prest beharko luketen ziazerba, txikoria, bruselaza, eskarola, kale aza berde eta gorria, brokolia, azalora… horiek landatzeko garaia ere bada.

Karlos Argiñano sukaldaria.
Sukaldari ezagunak
Feriek badute xarma berezia sukalde munduko adituentzat. Atzo, propio prestatutako sukaldean lanean, Lazkaoko Aldasoro Berriko Juanjo Martinez de Rituerto gerezia osagai nagusi hartuta. Eta bezeroen artean, Karlos Argiñano Zarauztik etorria: «Jende asko dabil gure herrian eta lasai-lasai erosketak egiteko baliatuz hona etorri gara» adierazi zigun Nabarrekoren postuan.