«Edozein momentutan eta edozein tokitan marraztu ohi dut»
Ataungo artista gaztea eta ezagutzera eman berria da Izaro Erauskin. Berak egindako margolan eta marrazkiak, Ataungo Troskaeta tabernako goiko aretoan daude ...
Ataungo artista gaztea eta ezagutzera eman berria da Izaro Erauskin. Berak egindako margolan eta marrazkiak, Ataungo Troskaeta tabernako goiko aretoan daude ikusgai, Agauntzako ur-zozoak kolektiboko beste artista batzuekin batera egindako erakusketan. Uztailaren 22a arte egongo da ikusgai.
Zure lanak jendaurrera ekartzen dituzun lehenengo aldia da.
Bai, hala da! Orain arte nire gertukoenek baino ez dituzte ikusi nire lanak eta orain, Troskaeta tabernan daude ikusi nahi dituen ororentzat. Artista ugariren lanak daude ikusgai, tartean nireak. Pozik nago aukera hau eman didatelako.
Zer da erakusketan jarri duzuna?
Olioz egindako paisaia bat, Arte Ederretako ikasgai baterako egin beharreko lamina batzuk eta nire koaderno pertsonalak jarri ditut.
Arte Ederrak ikasten ari zara beraz.
Bai, txikitatik gustatu izan zait marraztea, nahiz eta hau guztia serio hartzen orain dela urte batzuk hasi. Lehenengo maila bukatu berri dut. Orain, oporretan nago.
Zer moduz ari zara moldatzen?
Ongi, nahiz eta aurretik sekula ez dudan marrazketa edota bestelako arte diziplinaren klaserik jaso. Asko ari naiz ikasten.
Zein da gustukoen duzun ikasgaia?
Pintura da gehien gustatzen zaidana. Aurten olioa landu dugu eta niretzako berria da. Oso gustura aritu naiz. Desberdina da. Dena den, etxean margotzen dudanean, akuarelekin edota axotarekin aritzen naiz.
Nolako lanak egin ohi dituzu?
Lan txikiak egitea gustatzen zait gehien. Etxean, gainera, beste mota batzuetako lanak egiteko toki nahikorik ez daukat. Erakusketan badago egiten gustatzen zaidanaren adibidea. Koaderno txikietan, axotaz marrazkiak egitea da gehien gustatzen zaidana eta erabili ohi ditudanak, erakusketan daude jarrita. Edozein momentutan, edozein tokitan egin ohi ditut marrazkiak.
Toki guztietara koadernoak gainean eramaten dituzu hortaz?
Bai, noski! Inspirazioa noiz etorriko den ez dakizu, eta gainera asko gustatzen zaidan zerbait da.
Hurrengo erakusketa noizko?
Ez dakit egia esan. Nik lanean jarraituko dut, orain arte bezala eta iritsiko da beste batzuk jartzeko aukera.