Herriarteko finalaren sariak Ataun ilusioz piztu du
«Saria da guretzat». Hitz horiekin laburtu du Eneko Imazek Ataunek Gipuzkoako Herriarteko eskuko txapelketaren finala jokatzeko lortu duen balentria. Ataungo pilotarien entrenatzailea, taldeko gainontzekoak eta herri guztia bezala, ilusioz gainezka d...
«Saria da guretzat». Hitz horiekin laburtu du Eneko Imazek Ataunek Gipuzkoako Herriarteko eskuko txapelketaren finala jokatzeko lortu duen balentria. Ataungo pilotarien entrenatzailea, taldeko gainontzekoak eta herri guztia bezala, ilusioz gainezka dago biharko final historikorako. Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko du Ataunek Herriartekoaren bere lehen finala, Azpeitiaren aurka, 16:30ean.
«Eromena ari da izaten aste hau», gehitu du Ataungo pilota elkarteko Iñigo Altzuak. Finalaurrekoetako itzulikoan, Auzoetan, Azkoitia nola kanporatu zuten ikusita, gehiago: 2 tantoren aldeagatik, eta aurkako markagailua iraulita. Ataunen 400 bat ikusle izan ziren frontoian.
Festa bihar egun osoan
Ataungo Udalak autobusa jarri du, Donostiara joateko. Txartelak eta frontoiko sarrerak Troskaetan, Martintxon, Sutegin eta Bitorrenean daude salgai. Aizkoate elkartean ere bai, 17:00etatik 19:00etara. «Herrian mugimendua badago, eta jende asko joango da», aitortu du Imazek.
Bihar gauean, afaria egingo dute Urbitarte sagardotegian. Galdu ala irabazi, egun historikoa azkeneraino zukutuko dute.
Pilotariek herenegun egin zuten entrenamendu saioa Atano III.ean —Azpeitiak, atzo—. «Guretzat berria da. Ahal zuten dena emateko esan genien lehengoan, saria finala zelako. Orain saria iritsi da. Lasai joan, eta bakoitzak berea eman dezala. Besterik ez diegu esan mutilei».
Egun historikorako protagonistak jakinak dira: Eneko eta Unai Goikoetxea bikiak (kadeteetan), Arkaitz Baztarrika eta Josu Etxeberria (jubenilak), eta Iraitz Zubizarreta eta Ibai Arratibel (nagusiak). Eta Ataun osoa.













