Historiaurreko arku eta bultzagailuzko tiro txapelketa egingo dute Zegaman
Larunbatean eta igandean, Europako historiaurreko 28. Arku eta Bultzagailuzko tiro Txapelketako saioa egingo dute, San Adrian eta Leizarrate arteko igarobidean. Europa osoan jokatzen dira mota horretako lehiaketak, eta Zegamakoa, Aitzbitarte kobakoarekin (Errenteria) batera, Euskal Herrian jokatuko den saio bakarra da.
Proba horrekin, historiaurrean erabiltzen ziren ehizarako tresnak ezagutarazi nahi dituzte, batez ere, bultzagailua eta arkua. Parte-hartzailenatzat, 11:00etan zabalduko dute izena emateko mahaia, Aizkorri-Aratz parke naturaleko interpretazio zentroan. 13:30ean bazkaria izango da (txartelak aurrez hartu behar dira), eta bazkalondoan abiatuko dira San Adrian aldera. 16:00etan, pasabidean egindako aurkikuntza arkeologikoak ikusiko dituzte. Eta segidan hasiko da Bultzagailuzko Tiro Txapelketa.
18:00etatik 20:00etara, historiaurreko tailerrak egingo dituzte interpretazio zentroak. Saio irekiak izango dira, eta nahi duten guztiek parte har dezakete. Segidan, 20:00etatik 21:00etara, Bultzaigailuzko tiro erakustaldia egingo dute Zegamako plazan. Eguna bukatzeko, lagunarteko afaria izango da plazan bertan.
Igandean berriz, arku tiraketa egingo dute. San Adrian inguruko ehiza ibilbidean izango da txapelketa, 10:00etatik 13:00etara. Bazkaria ere izango da, Zegamako ostatuan (txartelak aurrez hartuta). 16:00etan, diploma eta sarien banaketarekin bukatuko dira asteburuko ekitaldiak.