Patxi Ezkiaga idazlea hil da
Legorretako Udalak jakinarazi duenez, Patxi Ezkiaga Lasa Legorretako seme kutuna hil da gaur, 74 urte zituela, Donostian, familiaren babesean. Legorretako udalak hiletara joateko autobusa antolatu du, izena emateko udaletxean astelehen goizean (5 €).
Idazlea eta La Salleko anaia zen Ezkiaga; 2002ko urriaren 26an izendatu zuen udalak herriko seme kutun.
Literatura ikasketak egin zituen Erresuma Batuko Cambridgeko eta Oxfordeko unibertsitateetan. Ondoren, Historiako lizentzia eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean. Irakasle izan da urteetan Donostiako La Salle ikastetxean. Literatura arloan, ibilbide oparoa izan du, eta hainbat liburu ditu idatziak. Azkenekoa, Urrutiko lur hauek…, izan zen eta Legorretako herriari utzi zion oinordetzan. Literatura sari asko irabazia da: Felipe Arrese Beitia (1984), Irun Hiria (1985, 1986 eta 1999), Lizardi (1985 eta 1987), Azkue (1987), Kritikaren Saria (1988 eta 1997), Julene Azpeitia (1990), Jon Mirande (1991 eta 1995), Agustin Zubikarai (1998 eta 1999), besteak beste. Batez ere poesia landu du: Beldur naiz (1985); Aiodi herriko kantak (1986); Armaggedon (1986); Gernika (1987); Keiko eta beste udazkenak (1988); Komediaren Jainkoa (1993); Zauriaren salmoak (1997); Udazkenerako hamar kanta (1999). 1994an EHUk legorretarraren obraren antologia bat argitaratu zuen, Haize hurbila izenburupean. Hiru eleberri ere idatzi ditu: Charles Moulay (1990), Bi zisneen hegada (1992) eta Zure haragi bereko (1996). 2005ean, Pedro Berrondok 1976an hasitako On Kixote Mantxakoaren euskarazko itzulpenetik antologia bat prestatu eta euskara batura ekarri zuen Ezkiagak.