«Politika alde batera utzita, herriaren onurarako egin behar da lan udaletik»
Urte askoan Gipuzkoan zehar baserriz baserri behien hobekuntza genetikora bideratutako kontrol lanak egiten jardun eta gero, jubilatuta dago orain Maria Rosario ...
Urte askoan Gipuzkoan zehar baserriz baserri behien hobekuntza genetikora bideratutako kontrol lanak egiten jardun eta gero, jubilatuta dago orain Maria Rosario Urretabizkaia (Arama, 1941). Ez da geldi egotekoa ordea, eta Agerre jaiotetxean duten Urretabizkaia lore eta landare haztegian laguntzeaz gain, asteazkenero joaten da Ordiziako azokara haren koinata Maria Dolores Mendizabalekin batera.
Zein da zure gustuko lorea?
Betikoak, larrosa eta krabelina, baina batez ere peonia;?oso usaintsua da.
Zein zaletasun duzu?
Ehiza gustatzen zait, urtero ateratzen ditut baimenak. Eta koadroak margotzea ere bai.
Pelikula bat?
Akziodun edozein, bereziki western filmak.
Musikari bat?
1960ko hamarkadako musika eta Benito Lertxundi.
Abesti bat?
Urepeleko artzaina.
Janari bat?
Haragi zalea naiz, baina orain barazki gehiago jaten dut.
Eta edari bat?
Ardo beltza edo sagardoa.
Oporrak non?
Argentinan, Tierra del Fuego eta Usuaia inguruan egindakoak ez ditut ahazteko. Bestela, berdea eta natura dagoen edozein leku.
Amets bat.
Ilobak baserrira bizitzera etortzea.
Jaso duzun oparirik bereziena?
Nirekin asmatzea erraza da:?loteria eta perfumeak.
Zeri diozu beldurra?
Beldurrik ez, errespetua bai.
Zerk eragiten dizu irribarrea?
Edozein tontakerik.
Araman biziko ez bazina?
Ez dut behin ere pentsatu.
Aramako alkate bazina?
Zinegotzia izandakoa naiz… Politika alde batera utzi eta herriaren onurarako lan egingo nuke, baina gaurkoak ez du gaizki egiten.