Ataunek 2-1 galdu du Herriarteko Txapelketako finala Azpeitiaren kontra. Finalera iristea lorpena izan da ordea, eta ospatzeko gogoz daude
Finalean izatea bera saria zela zioen aste honetan Ataun Kirol Elkarteko ordezkari batek. Eta ez da makala egin dutena, Herriartekoaren finala jokatu duten herrien zerrendan sartu baitira, aurrenekoz. Azpeitiak merezita irabazi du finala, baina ataundarrak ere gustura egoteko moduan dira, aurten egin duten lana kontuan hartuta. Ospatu behintzat, ospatuko dute; galdu ala irabazi, Urbitarte sagardotegian afaria hartua baitute aurretik.
Atano III.a bete egin da Herriarteko Txapelketaren finala ikusteko. Azpeitiatik 600 bat lagun etorri dira; Ataundik berriz, 200 inguru. Baina ez da kopuru eskasa, herri baten eta bestearen tamaina kontuan hartuta.
Kadeteen artekoarekin hasi da finala. Goikoetxea anaiak urduri atera dira kantxara, eta ez dute beraien jokoa egiten asmatu; Alberdi eta Elosegi berriz, sendo aritu dira. Azkenean, 22-3, lehen lehia azpeitiarrentzat.
Jubenilen arteko partida parekatuagoa izan da, hasieran behintzat. Baztarrika eta Etxeberria ataundarrek estu hartu dituzte Iriarte eta Egiguren azpeitiarrak lehen tantoetan. Markagailua ataundarrek estreinatu dute eta berdinduta ere egon dira bizpahiru aldiz; baina handik aurrera, azpeitiarrek hartu dute aurrea markagailuan. Behin 10 tantoko muga gaindituta, ordea, tartea handitzen hasi dira Azpeitiakoak eta ataundarrek ezin izan diote erasoari bueltarik eman. 22-8, azpeitiarrek bigarren partida irabazi eta finala erabakita utzi dute.
Azken partidan, senior mailakoan, erakutsi du Ataunek bere aurpegirik onena. Iraitz Zubizarreta eta Ibai Arratibel oso sendo aritu dira, eta azpeitiarrek ez dute parean jartzen asmatu, nahiz eta 4-8kotik aurrera, partidan sartu diren. Lau-bost tantoko alde hori mantentzen jakin du Ataungo bikoteak. Gertuena, 14-16koan izan zituzten, baina handik aurrera, nagusitasuna berreskuratu eta 22-X irabazi dute.