Goierriko enpresak eta erakundeak ezagutzea dute helburu hiru egunetan; besteak beste, enpresen partaidetza sustatzen duten kudeaketa ereduak
Alacanteko (Herrialde Katalanak) Alcoy herriko eta eskualde hartako agintariak, alderdi politikoetako ordezkariak, enpresariak eta sindikatuetako ordezkariak 21 guztira astelehenetik Goierrin dabiltza, eskualdeko enpresak eta erakundeak ezagutzen; gaur dute egonaldiaren azkeneko eguna.
Beasaingo Udalak jakinarazi duenez, Aitor Aldasoro alkateak, esate baterako, Beasainen eta eskualde mailan langabeziari aurre egiteko eta bertako ekonomia sustatzeko jarritako baliabideei buruzko xehetasunak eman zizkien astelehenean. Enplegu plana, coworking-erako diru laguntzak, formazioa eta enpresekin udalak dituen harremanez mintzatu zen alkatea, eta «gonbidatuen galderei eta zalantzei erantzun zien».
Beste helburu bat ere badu hiru eguneko egonaldiak: enpresen partaidetza sustatzen duten kudeaketa ereduak ezagutzea, Goierrikoak, Arrasatekoak eta Gipuzkoakoak hain zuzen ere. Era horretan, enpresak bisitatzeaz gain, helburu horiek lortzeko erabili diren baliabideak erakutsiko dizkiete. Besteak beste, Goieki garapen agentzia, Goierriko Herrien Fundazioa, Goierri Eskola eta Goierri Valley ezagutu dituzte.
Azkenik, Goierrin proiektu aurreratuenei babesa emateko eta kultura berri bat sortzeko bitartekariak ere bertatik bertara ezagutzeko interesa izan dute alcoytarrek; besteak beste, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoia elkarteak jokatzen duen papera.
Ordezkaritza zabala
Alacanteko ordezkaritzari dagokionean, Alcoyko Antonio Frances (PSPV-PSOE) alkateaz gain, eskualdeko CCOO sindikatuko ordezkaria, ekonomia eta kudeaketa estrategikoaren arduraduna, PP eta Ciudadanos alderdi politikoetako zinegotziak, Ibi udalerriko alkate ordea, Caixa Popularreko eskualdeko aduraduna, Ibiko enpresarien elkarteko ordezkaria, Alcoyko merkatal ganbarako presidentea eta Ibiko sustapen ekonomikorako arduradunak daude.