Singular Dendak bereizgarria jaso dute Beasaingo Kapritxo Igartza, Nagusi Optika eta Xalo dendek. Datozen egunetan Lazkaon eta Ordizian bereizgarri gehiago banatuko dituzte
«Gure kaleei bizia emateaz gain, originalak eta benetakoak izateagatik nabarmentzen diren dendak» dira Singular Dendak, «erosketa bizipen berezia eskaintzen duten saltokiak. Egunero beren izaera berezia erakusten duten dendek soilik osatzen duten zerrenda». Singular denden zerrenda horretan Gipuzkoako 105 saltoki daude eta tartean daude Beasaingo hiru denda: Kapritxo Igartza Candy Shop goxoki denda, Nagusi Optikak eta Xalo arropa denda. Singular Dendako Maite Balmasedaren esanetan, 200 dendetara iristea dute helburua.
Bakarrak, apartekoak, bereziak. Horixe da Singular Denden ezaugarri nagusia, «izan ere, mundu globalizatu honetan, ezberdinak izatea bilatzen dugu. Ez dugu nahi gure herrietako kale guztiak berdinak izatea, nortasunik gabekoak, frankizia berdinekin». Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailak «Gipuzkoako denden profesionalizazioa, bereizgarritasuna eta posizionamendua» bilatu nahi du, «komertzio bereziak, apartekoak, beren bezeroei erosketa esperientzia berezia eskaintzen dieteneak, tratu pertsonalizatuan eta xehetasunak zaintzen oinarritutakoa».
Singular Dendak bereizgarria jaso ahal izateko Beasaingo hiru dendek formazioan oinarritutako bidea egin dute, «bezeroen azalean» jarriz, eta aitortza jaso zuten atzo udaletxean egindako ekitaldian, alkatea eta merkataritza zinegotzia bertan zirela.
Ekitaldian Nagusi Optikako Cristina Ezenarrok adierazi zuenez, asko ikasi dute bereizgarria lortzeko bide horretan, eta oraindik ere «hobetzen jarraitzeko ikasteko prest» daudela adierazi zuen. Era berean, «bakarrik ez daudela ere sentitu» dutela nabarmendu zuen Xalo arropa dendako Ane Aristik, eta elkarlanerako aukerak sortzen direla: «Behintzat, herrian gelditu dadila dirua».
Datozen egunetan, Lazkaon eta Ordizian bereizgarri gehiago banatuko dituzte.