Ataungo Mitoaldiak helduentzako ekitaldiekin sendotu du egitaraua
Bihar hasiko da mitologiari buruzko bigarren kulturaldia, 'Errementari' filmarekin. Ibilaldia, ipuin kontaketa eta Hartsuagaren hitzaldia ere badira. Gau ibilaldia, 14anBigarren urtez jarraian, mitologiarekin blaitua hartuko du Ataunek, astebetez. Jent...
Bihar hasiko da mitologiari buruzko bigarren kulturaldia, ‘Errementari’ filmarekin. Ibilaldia, ipuin kontaketa eta Hartsuagaren hitzaldia ere badira. Gau ibilaldia, 14an
Bigarren urtez jarraian, mitologiarekin blaitua hartuko du Ataunek, astebetez. Jentilbaratza kultur elkarteak eta Barandiaran Museoak II. Mitoaldia ondu dute. Iaz hasitako bideari eta arrakastari segiz, Gau Ibilaldi Mitologikoa —7. aldia izango du uztailaren 14an—, beste bost ekitaldirekin hornituko dute.«Urte guztiko lanaren erdigunea da Mitoaldia. Aparteko garrantzia du guretzat», azaldu du Jentilbaratzeko Maitane Aizpuruak. «Proiektu handia eta anbiziotsua da», erantsi dio Barandiaran Museoko Ainhoa Diez de Salazarrek. Mitologia du oinarrian, baina adiera zabalean ulertua: «Ipuinez eta sorgin kontuez harago, askoz gehiago da mitologia. Arbasoen informazioa ematen digu, kristautasuna baino lehenagoko sinesmenena. Haiek mitologia erabili zuten beren ingurunea egokitzeko; eta guk haiei buruz gehiago jakiteko bitarteko dugu», dio Aizpuruak.
Ataunen, batez ere Joxemiel Barandiaranek egindako bilketa lana goretsi dute, beste behin. «Altxorra utzi zigun. Gure lana, pertsonaiei eta ipuinei bizitza ematea da, eta transmititzea».
Urkijo eta ‘Errementari’
Nazioarteko sona lortu duen Errementari filmaren emanaldiak hasiko du Mitoaldiko egitaraua. Urrian estreinatua, Patxi Errementariren mitoa maisuki girotu du Paul Urkijok pantaila handirako. Ataungo Herri Antzokian izango da zuzendaria.
Aste honetakoari dagokionez, asteburuan hitzordu bikoitza izango da. Larunbatean, Jon Aizpuruak gidatutako ibilaldia izango da, San Martindik abiatuta. Mitoetan aipatzen diren guneetara joango dira: Zaindiko atsoaren istorioa, Agerre baserrira jentilak jaisten zirenekoa edo Laminosingo lamiena bertatik bertara kokatuko ditu.
Igandean, familia guztiarentzat Euskal Herriko ipuin eta mitoen kontakizun antzeztua egingo du Marimundukok. Bietarako izena eman behar da, Barandiaran Museoan (943 18 03 35).












