Esklerosi anizkoitzaren alde 'busti' dira Ordizian eta Urretxun
Busti zaitez kanpainarekin bat egin dute bi herriek. Gaixotasunaren inguruan jendartea sentsibilizatzea eta diru bilketa egitea da kanpainaren xedea
Busti zaitez ekimenaren 21.edizioan parte hartu dute Ordiziako eta Urretxuko herritarrek asteburu honetan. Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioak eta Ademgik (Gipuzkoako elkartea) antolatu dute kanpaina, Esklerosi anizkoitzaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko eta dirua biltzeko.
Lortutako diruarekin, Ademgik Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza zentroan eskaintzen dituen errehabilitazio zerbitzuak finantzatuko dira. 2007an inauguratu zen zentroa. Batez ere, fisioterapia eta logopedia zerbitzuetara bideratuko dute dirua.
Urretxun diru bilketa eta egin zuten atzo Areizaga plazan, eta informazioa banatu zuten. Gaur, igerilekura joan dira eta bakoitzak igeri egindako metroak zenbatu eta gehitu dituzte. Ordizian berriz, gaur egin dute ekintza eta asteazkenean informazioa banatzen arituko dira azokan. Legazpin ere informazioa banatzen ibili ziren atzo, Laubiden.
Kanpaina Gipuzkoako 15 herritan egin dute aurten, eta Bizkaian, Araban zein Espainiar estatuan ere egiten da urtero. Elkartekoen esanetan, milaka lagunen babesa lortzen du.