34-35 urterekin hasi zen korrika. 10 kilometroko lasterketak egin zituen aurrena, gero «pixkanaka» luzeagoetara jo du. Aurten, hirugarren aldiz irtengo du G2H proban.
Mendian ibiltzea beti izan du gustuko Begoña Vaqueriza (Donostia, 1975) Azkoitiko bizilagunak. Alabak koskortu zitzaizkionean hasi zen korrika egiten, ariketa fisikoa egite aldera. Asfaltoko lasterketetan hasi zen lehiatzen aurrena, gero ekin zion mendi lasterketak egiteari, «tipi-tapa, pixkanaka joan gara proba desberdinak egiten». Bere kasa aritzen da entrenatzen; «pixka bat senarrak gidatzen nau entrenatzeko eta». Lasterketetan ere ia gehienetan senarrarekin ateratzen da. 2016an irten zuen aurreneko aldiz Goierriko Bi Handiak lasterketan (11. postuan bukatu zuen), iaz bigarren aldiz egin zuen, 9. postuan amaituz proba.
Noiz hasi zinen korrika egiten, eta nolatan?
Ariketa fisikoa egiteko hasi nintzen korrika egiten, fisikoki ondo sentitzeko eta mentalki eguneroko horretatik ihes egiteko. Korrika egin ondoren, ondo sentitzen nintzen, eta horrek jarraitzera animatu ninduen. 2009an hasi nintzen. Aurretik, senarra eta biok beti joaten ginen mendira, baina horretarako denbora gehiago hartu behar izaten genuen.
Gogoratzen al zara egin zenuen aurreneko lasterketaz?
Asfaltoan izan zen. Zumaiako Zakila Bira probarako prestatu ginen. Aurretik, ordea, Ordizian Josetxo Imaz lasterketa egin genuen. Behin aurrenekoa eginda, lasterketen errutinan sartzen zara. 40 urte nituenean maratoia egiteko erronka jarri nion neure buruari, eta hori ere lortu nuen.
Zakila Biratik G2Hk dituen 88 kilometroetara, ordea, badago alde ederra.
Egia esan, niri kilometroak egitea gustatzen zait, arrankatzea kostatu egiten baizait. Azkoitian Ehunmilak probaren inguruan-eta asko entzun izan nuen, eta horregatik animatu nintzen orain bi urte G2H egitera.
Orain dela bi urte atera zinen aurreneko aldiz G2Hn.
Egia esan, urte hori nahiko gorabeheratsua izan nuen. Familiako bat hil zitzaigun, eta pixka bat aztoratuta ibili nintzen. Niri emozioek asko eragiten didate, eta desgaste handia izaten dut. Baina G2Hn irtetea buruan neukan, eta irten egin nuen. Gainera, mendiak burua lasaitzen laguntzen du, gauzak pentsarazten dizkizu eta ireki egiten zaitu. Ni mendian asko distraitzen naiz, eta oso lagungarria zait.
88 kilometroek askorako emango dute, ezta?
Bai, hala da. Gorabehera asko izaten dira ibilbidean zehar. Garrantzitsuena baxu sentitzen zaren une horietan egoerari buelta ematen jakitea da. Nik buruan neure etapa batzuk egiten ditut, probaren eta ibilbidearen inguruko neure krokis propioa egiten dut, eta horrek proba eramangarriagoa egiten dit. Gainera, ez dut begiratzen zenbait kilometro utzi ditudan atzean, aurretik egiteko ditudan kilometroak zer gutxi diren pentsatzen joaten naiz. Horrek positiboago egoten laguntzen dit. Horrez gain, senarra izaten dut alboan, eta elkarri laguntzen diogu: lasterketan bat baxu dagoenean, besteak tira egiten dio, eta horrela ibiltzen gara.
“Neure krokisa egiten dut, eta hala
proba eramangarriagoa egiten zait”
G2Htik zer egiten zaizu gogorrena?
Bukaera da zailena. Buruan Beasain daukazu une oro, baina azken 20 kilometroak gora eta behera askokoak dira, eta hori gogorra egiten da. Tarte horretan asko galdu dezakezu edo asko irabazi.
Eta, probatik zer nabarmenduko zenuke?
Antolakuntza hamarretik gorakoa dela azpimarratuko nuke. Harrigarria da antolakuntza. Aldi oro bateren bat laguntzeko pronto dago. Gainera, ibilbidean zehar eta bukaeran dagoen jendeak animatu egiten zaitu, eta horrek eraman egiten zaitu. Familia ere inguruan izaten dugu, eta hori ere oinarrizkoa da. Beasaingo helmugara iristea oso emozionantea izaten da, oilo ipurdia jartzen zait.
Zer moduz doakizu aurtengo probarako prestaketa?
Aurten kilometro gutxiago egin ditugu. Eguraldi txarragatik, aurreko bi urteetan baino gutxiago joan gara mendira entrenatzera. Horregatik, asfaltoan ibili gara gehiago. Baina, beno, badakigu proba nolakoa den eta bukatzeko gai garela. Azkenean, burua asko da horrelako probetan, eta nire helburua beti helmuga igarotzea izaten da. Gero, hori bai, denbora ona egiten badut gusturago sentitzen naiz.
Azkoitia inguruan entrenatzen al zara?
Bai, bai, etxetik irten orduko mendia daukagu eta. Zazpi Gurutze mendi martxaren ibilbidean ibiltzen gara asko. 55 kilometroko ibilbidea da, eta pixkanaka entrenamenduaren ibilbidea luzatzen joaten gara. Entrenamendu luzeak asteburuetan egiten ditugu.
Ehunmilak egiteko tentaziorik ez al daukazu?
Tentazioa bai, eta burutik ere pasatu izan zait. Baina hitz larriak dira horiek. Hasten dudana bukatzea gustatzen zait eta…