Eguraldi nahasia dago iragarrita, baina antolatzaileek aurrera jarraituko dutela adierazi dute
Marimurumendi aurreikusi maratoia lehiatuko da. Proba guztia egun argiz egiteak antolaketa eta segurtasun lanak erraztu egiten ditu, eta Ehunmilekin eta Goierriko Bi Handiekin alderatuta, korrikalariak ez dira horren garaiera handietan ibiltzen. Punturik altuena Izazpiko tontorra da 970 metrorekin. Eguraldiak, ordea, ezegonkorra izaten jarraituko du, eta baliteke zaparrada trumoitsuak botatzea tarteka.
Izena emandako 265 korrikalariak 09:00etan irtengo dira Beasaingo plazatik. Aurretik 42,195 kilometro dituzte, 2.300 metroko desnibel positiboarekin: korrikalariak berehala hasiko dira aldapan gora, Usurbera bidean. Handik Agotara jaitsi eta Marimurumenditik barrena, Pagorriagatik Mandubira jaitsiko dira. Berriz ere gora ekin beharko diete korrikalariek Kizkitzara igotzeko lehendabizi eta, ondoren, Izazpira. Itzulerakoan, Kizkitzatik Arriaran auzora jaitsi, eta urtegi ondotik Agotara igoko dira berriz, plazara iristeko. Lehendabiziko korrikalariak 12:30en bueltan izango dira helmugan.
Lehia estua aurreikusten da maratoian. Iazko irabazleek, Ester Casajunak eta Bartosz Gorzczycak, G2Hetan parte hartzea erabaki dute aurten. Adituek, Amaiur Iglesias, Itziar Andueza eta Maite Anton jotzen dituzte faborito. Gizonezkoetan, berriz, Aleix Bautista nabarmentzen da. Birritan sartu da podiumean, baina ez du sekula irabazi Marimurumendi maratoia.