Mayi Mujika pasa den urteko Izazpiko igoeran
Goierriko Bi Handiak bertan behera uztearen erabakia ulertzen dute
korrikalariek. “Segurtasuna oinarrizkoa da”, dio Koldo Agirre beasaindarrak. Aitortzen du nahiago duela euritan lehiatu, baina atzokoa gehiegizkoa zela: “Zaldibiatik aurrera euri asko egin zigun. Aurrera joatea zaila zen”. Ondotxo daki Mayi Mujika urretxuarrak, bizpahiru aldiz galdu egin baitzen. “Ikusmena oso urria zen. Bi metrotik aurrera ez zen ezer ikusten”.
Erabakiak pena ematen die baina. “Behin eta berriz galdetzen nien antolatzaileei ea egia zen lasterketa bertan behera gelditu zela. Ezin nuen sinetsi”, azaldu du Mujikak. Lasterketa buruan zioan Mujika, sentsazio oso onekin. “Presiorik gabe ari nintzen lehiatzen. Iazko marka hobetu nahi nuen, eta lortzen ari nintzen”. Agirre ere, aurreko taldetxoan iritsi zen Larraitzera. “Sentsazio onak nituen, eta horregatik eman zidan pena gelditzeak. Halere asmatu zutelakoan nago”.
Irteterako bazekiten ekaitzak joko zuela eta zailtasunak izango zirela. “Abisua emana zegoen eta bagenekien gainetan egoera makurra izango zela”, dio Agirrek. Lasterketa bertan behera uzteko erabakiak, hortaz, ez ditu harritu.