Aralarko auzia artxibatzeko saiakera salatu dute natur taldeek
Landarlan eta Eguzki ingurumen elkarteek jarritako salaketaren harira, epaibidean da Aralarko pisten inguruko auzia. Ariztimuño eta Asensio foru diputatuen aurka jo zuten bi natur taldeek, “lurralde antolaketaren aurkako delitua” leporatuta.
Orain ordea, Foru Gobernuak epaitegiari “ikertzen ari diren espediente penala ixteko” eskatu diola salatu dute. Ingurumen taldeen ustez, “aldundiaren helburua da epaitegiaren eta jendartearen aurrean inongo zaratarik egin gabe” pasa eta proiektuak aurrera egitea. Hala, “legez kanpoko obra horretan ardura penalaren larritasuna” ezkutatu nahi dutela diote.
Bi taldeek, “ingurumen justizia indarrean egon dadin lanean” jarraituko dutela azaldu dute, are “indar handiagoz” prozesu honetan “inputatu eta ikertzen ari direnak Gipuzkoako ingurumen agintari gorenak” direla jakinda.
Hori guztia ikusita, Eguzki Talde Ekologistak eta Landarlan Elkarteak helegite idatzi bat aurkeztu dute epaitegian, aldundiko ordezkariek prozesu judizial hori artxibatzeko egin duten eskaeraren kontra.