Ia 100 metroko luzera du Salbatore auzoko guneak. Zorua berdindu eta trasteak gordetzeko etxolatxoa jarri du Beasaingo Udalak. Euskadiko txapelketa irabazi du Igartza taldeko Rafa Gonzalezek
Zorioneko dago Igartza Arku Tiraketa Elkartea, urteetan egindako eskariak erantzuna izan baitu: aire libreako arku tiro gunea izatea. Salbatore auzoan, gasolidendegiaren atze aldean, Sasieta Mankomunitatearen bulegoaren ondoko bidetik ezkerrera joanda dagoen lur eremua egokitu du udalak horretarako. Gaur inauguratu zuten gune berria.
Juan Migel Imaz Igartza arku tiro taldeko lehendakaria «oso pozik» dago emaitzarekin: «Oraindik kabitu ezinda gaude. Azkenean lortu dugu, lorpen handia izan da. Azken urteetan udalari eskatzen aritu gara». Izan ere, Antzizar Kiroldegian barruko modalitatean aritzeko gune egokia badute ere –32 metroko luzerakoa–, kanpoko txapelketak prestatzeko ez zuten aire libreko gunerik, eta batetik bestera ibili izan dira. «Urte askoan, Arcelorrek utzitako lur eremua izan genuen, dohainik. Kanpoko igerileku denboraldia ez zenean, Beasaingo kanpoko igerilekuetan ere entrenatu izan dugu». 27 urte bete ditu aurten Igartza arku tiro taldeak eta oraingoan lortu du eremu egokia izatea: «Aukera bat baino gehiago zeuden baina azkenean Sasieta mankomunitateko bulego ondoko lur eremua aukeratu dugu. Bera zen egokiena, ideala da guretzat». Izan ere, Imazen esanetan, «zelai asko ezagutzen ditugu eta ezin da gehiago eskatu. Entrenatzeko lekua da. Luzeran ia 100 metro ditu eta lehiaketak 90era izaten dira. Beraz, perfektoa da. Lehiaketetarako zabalera bikoitza beharko luke, baina entrenatzeko nahikoa da». Aldeko beste bi ezaugarri ere baditu Imazen ustez: «Batetik, kokapena, oso erraz iristen da. Sasieta Mankomunitateko egoitzatik ezker aldera joanda dago. Hantxe bukatzen da bidea. Eta bestetik, eta garrantzitsuena, ingurutik ez da inor pasatzen».
Eta entrenamenduen emaitzak ikusten hasi dira: pasa den igandean, Euskadiko txapelketa irabazi zuen Getxon (Bizkaia) taldekidea den Rafa Gonzalez azpeitiarrak.
Ia 100 metro luzeko eremua egokitu du Beasaingo UdalakUdalak bere gain hartu ditu arku tiraketarako espazio berria egokitzeko beharrezkoak ziren lanak.?«Lehen sasiarte bat zena garbitu, zelaigune bihurtu eta zoladura baldintza egokietan» jarri du udalak. Eremu guztia hesitu eta itxura bat ere jarri dute . «Hirigintzako lan txiki bat egin da bertan etxetxo bat jarriz materiala gordetzeko». Sarrera lekua identifikatzen duen panela ere kokatu dute. 9.700 euroko inbertsioa egin dute.
Udalaren esanetan, «kirol elkarteek euren jarduerak baldintza egokienetan aurrera eraman ahal izateko bitarteko guztiak jartzen jarraitzen du. Kasu honetan, Igartza Arku Tiraketako taldeak udalarekin duen lankidetza hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da azpiegitura berri hau».