Astigarretako erromeria
Uztailaren 22an, festa eguna izango da hirugarren urtez, Astigarretako San Gregorio ermitan. Hainbat hamarkadatan galduta egon ondoren, astigarretarrek San Gregorioko erromeria berreskuratu dute. ...
Uztailaren 22an, festa eguna izango da hirugarren urtez, Astigarretako San Gregorio ermitan. Hainbat hamarkadatan galduta egon ondoren, astigarretarrek San Gregorioko erromeria berreskuratu dute. Josetxo Zufiaurreren eta Ander Yurritaren Astigarreta izeneko liburuak jasotzen duenez, «orain hamarkada gutxi batzuk arte, Mendekoste bigarren egunean meza eman ohi zen San Gregorio baselizan, abere eta soroak babesteko eskea eginez; ondoren, sona handiko erromeria egiten zen».
Astigarretako Antonio Etxaniz auzo alkateak ondo baino hobeto daki zerk ekarri zuen erromeriaren desagertzea: «Hango baserrietako gazteak lantokietan hasi ginen lanean eta erromeria astelehenetan izaten zenez, lantokietan dabilen jendeak ez zeukan festara joaterik eta poliki-poliki galdu egin zen. Gurasoak ere zahartu egin ziren….». Jendetsua izaten zen erromeria, Etxanizek gogoan duenez: «Ezkio, Itsaso, Matximenta, Nuarbe, Itsasondo, Beizama, Legorreta… izugarrizko jendetza etortzen zen, izugarrizko erromeria egiten zen».
Inaugurazio festa
Duela lau bat urte ermitako teilatua berritu zuten, eta duela hiru urte, barrualdea. «Aitor Aldasoro alkateak esan zidan berriro ere hasteko festa bat egiten. Aurten hirugarren urtez egingo dugu. Oso festa polita egiten da». 12:00etako mezarekin hasiko da festa.