Lide Erbina errugbi jokalaria izango da sarituetako bat.
Datorren ostiralean, uztailaren 20ean, bi urtez behin ematen diren Ordizia Kirol Sariak banatuko dira. Barrena kultur etxean izango da ekitaldia, 19:00etan. Aurtengoa VI. edizioa izango da. Maiatzean zehar proposamenak egiteko epea zabaldu zen. Proposamen guztiak Kirol Aholkularitza batzordean aztertu ziren eta baloratu ondoren erabaki ziren sariak hartuko dituztenen izenak.
Jose Miguel Santamaria alkateak, Bittor Bolinaga Kiroletako zinegotziak eta Kike Mokoroa teknikariak prentsa aurrean eman dituzte aldez aurretik ezagutzera sarituen izenak. Hauek dira aitortza jasoko dutenak: bakarkako kiroletako kirolari onenen sariak, emakumezkoetan Irati Zubizarreta ( Mendi Lasterkaria ), Lide Erbina ( errugbi Jokalaria ), gizonezkoetan berriz, Eneko Agirrezabal (atleta); talde onenaren saria OrdiziakoKirol Elkartea futbola, hirugarren mailara igotzeagati eta Ordizia Kirol Elkartea saskibaloia EBA ligara lehenengoz igotzeagatik; Urteetan Ordiziako kirolarekin elkarlanean aritu izanaren aitortzak Emilio Ortizek (areto futbola) eta Jesus Mari Albisuk (Oiangu pilota elkartea) jaso dituzte; urteetan Ordiziako kirola babestu izanaren aitortzak Txindoki tabernarentzat eta Orkli kooperatibarentzat eta azkenik sari berezia, Asier de la Iglesia (Ordizia saskibaloi taldeko jokalari ohia) ELA gaixotasuna kirolaren bidez ezagutzera emateagatik.