Udako oporrak igaro ondoren, irailean ez dute zabalduko Gabiriako Haur Eskola. Irekita mantentzeko nahikoa haur ez dago, eta eten egingo da zerbitzua. Aldi baterako bai, behintzat. Izan ere, Gabiriako Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak hitzartu duten...
Udako oporrak igaro ondoren, irailean ez dute zabalduko Gabiriako Haur Eskola. Irekita mantentzeko nahikoa haur ez dago, eta eten egingo da zerbitzua. Aldi baterako bai, behintzat. Izan ere, Gabiriako Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak hitzartu dutenez, 2019ko urtarrilera arte edukiko du aukera berriz martxan jartzeko, gutxieneko taldea biltzen baldin bada.
Ostiralean izan zuten azkeneko lan eguna haur eskolan. Bost haur ibili dira 2017-18 kurtsoan, bi hezitzailerekin. «Oporren irrikitan gaude, baina irailean zabalduko ez dela jakinda, goibel ere bai. Kurtso bukaera gazi-gozoa da, alde horretatik», zioen Amaia Guede hezitzaileak.
Gabiriako haur eskola 2005eko irailean ireki zuten, udaletxeko lehen solairuan. 2010eko kurtsoa orain dagoen lokalean hasi zuen, kultur etxe berria egokitu ondoren. Hamar haurrentzat plaza du, 0 urtetik 2 urtera artekoak.
Hiru haur behar dira
Oihane Gabirondok 9 urte darama Gabiriako haur eskolan lanean. Aurreko ostegunean, tristura nabari zitzaion. «Pena handia dut. Herriko ume gehienak ezagutzen ditut», zioen, hunkituta.
Oraingoz, nahiz eta 2018-19 kurtsoa irailean hasiko ez den, lau hilabeteko luzapena badu. Haur bat bakarrik dago hasteko, eta beste bat jaiotzeko. Hiru behar dira, gutxienez, irekitzeko.
Geroa ikuskizun, Irene, Oihan, Nora, Amets eta Izar izan dira azken kurtsoa itxi dutenak. Azkena izango ez den itxaroan.