Ordiziako Klasikoa abiatu da
Ordiziako 95. Txirrindularitza Klasikoa jokatzen ari dira gaur Ordizian. Goizean goizetik giro bikaina izan da txirrindularien sinadura emate ekitaldian. Parte hartzen ari diren 13 taldeak pasa dira Joxemiel Barandiaran plazatik, parrandazaleen kantu eta animoen artean. Israel Cycling Academy taldekoek berriz, oihuak jaso dituzte, Israelgo taldeari boikota egiteko deia baitzegoen egina; Palestinako bandera ugari ikus zitezkeen gaur, plazan.
Bi goierritar daude gaur tropelean; Iker Azkarate (Euskadi fundazioa) lazkaotarra eta Alex Aranburu (Caja Rural) ezkiotarra. Azken honek, familiaren eta zaleen babesa izan du irteeran.
Omenaldientzako tartea ere hartu dute proba hastear zela. Aurten zendu diren Jesus Mari Garate eta Patxi Lasa izan dituzte gogoan, eta haien senideek moztu dute zinta.
Txirrindulariek 167,5 kilometroko ibilbidea dute aurretik, eta bost aldiz pasako dira Larraizko gainetik. Antolatzaileen arabera, ordubiak alderako iritsiko dira lehen txirrindulariak Ordiziako helmugara.