Trikitilari harrobiko harribitxiak
Zumarraga eta Urretxu trikitilari herriak dira Zumarragako Trikitixaren garaitik. Makina bat trikitilari eman dituzte bi herri hauek: Joxe Oria, Jose Migel Ormazabal, Urteaga anaiak, Zaldua anaiak, Zunzunegi anaiak, Elortza anaiak,
Zumarraga eta Urretxu trikitilari herriak dira Zumarragako Trikitixaren garaitik. Makina bat trikitilari eman dituzte bi herri hauek: Joxe Oria, Jose Migel Ormazabal, Urteaga anaiak, Zaldua anaiak, Zunzunegi anaiak, Elortza anaiak, Iturbe ahizpak, Iñaki Larrañaga, Lutxurdio, Garikoitz Lizarraga… zerrenda amaigabea da. Musika eskolan egiten duten lanari esker, katea ez da etengo. Harrobiko azken harribitxiak Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti dira. Azkenaldian hainbat txapelketa irabazi dituzte.
Biak zumarragarrak dira. Kerejetak 19 urte ditu eta Oruesagastik 20. Bata irakasle ikasketak egiten ari da Bilbon eta bestea erizaintza Iruñan.
Kerejetaren aitonak trikitixa kantak jartzen zizkion eta hala hasi zen trikitixa jotzen. Oruesagastiren familian denak musikariak dira, baina bera da soinua jotzen duen bakarra.
Musika eskolako ikasleak
Biak musika eskolara joan ziren trikitixa ikastera eta bertako trikitilari taldean ezagutu zuten elkar. Hala, duela bospasei urte, elkarrekin jotzen hasi ziren.
Oso ondo moldatzen dira. Kerejetak Oruesagasti trikitilari eta pertsona bezala asko gustatzen zaiola dio. «Asko gustatzen zait nola jotzen duen eta oso pertsona ona da. Hori konplizitatea lortzeko lagungarria da».
Izaeraz ezberdinak direla diote. «Andoni ni baino serioagoa da». Baina Oruesagasti ere txantxazalea da… «Uxuerekin pazientzia apur bat eduki behar da batzutan, baina ondo moldatzen gara».
Iaz Zaldibarko txapelketa garrantzitsua irabazi zuten. «Beste txapelketa batzuk ere irabazi ditugu, baina Zaldibarkoa egungo ospetsuena da».
Plaza asko dituzte gustuko. «Eitzako jaietan jotzea asko gustatzen zaigu, baina toki guztietan gustura jotzen dugu».
Ez da harritzekoa Eitza plaza kuttuna izatea, Kerejeta bertakoa baita eta Oruesagastiren ama ere bai. Hala, beraiek dira egun auzoko trikitilari ofizialak.
Etorkizunera begira, beraien helburu nagusia ikastea da. «Lau urte daramatzagu txapelketetan eta dezente ikasi dugula nabaritu dugu. Txapelketen eskutik asko ikasten da, joan aurretik asko entseatu beharra baitago».
Kerejetak pandero jotzaile asko ditu gustuko: Oihana Irastortza, Andoni Elortza, Iñaki Larrañaga… Soinujoleen artean Edurne Iturbe miresten dute bereziki: beraien maisua. «Onenen artean dago. Zortea da halako irakaslea edukitzea», amaitu dute.