Zaldibiako udaletxe berriaren lanak irailean hasiko dituzte
Zaldibiak aurten ekingo dio azken urteetako herri lan handienetakoari: udaletxe berria eraikiko du. Gaur egungo udaletxearen aldameneko orubean altxatuko dute herriko etxe berria. Horretarako, lehenbizi kultur etxe zaharra bota beharko dute, eta han egin eraikin berria. Hura bukatutakoan, oraingo udaletxea eraitsiko dute. “Irailean” ekingo diete kultur etxe zaharra botatzeko lanei, eta eraikin berria egiteko deialdiari eta obrei.
Behin betiko proiektua zehaztuta dauka Zaldibiako Udalak, eta obrarako finantzazioa lortzen ari da orain. Bere diru baliabideak bideratuko ditu, batetik. Uztailaren 10eko osoko bilkuran, milioi bat euroko kreditu gehikuntza onartu zuen udalbatzak, aho batez. Jendaurreko erakusketan dago orain erabakia, aztertu, eta helegiteak aurkeztu nahi dituenarentzat.
Bestetik, beste erakunde batzuen laguntza bila ere ari da. Zaldibiako Udaleko Joxan Etxabe alkatea, Eztitxu Mujika zinegotzia eta Elena Zabala udal idazkaria Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian izan dira, gaur. Markel Olano ahaldun nagusiarekin eta Lurralde Orekako zuzendari Iñaki Labakarekin hitz egin dute, finantzazioaz eta laguntzez. 2018ko aurrekontuan “laguntza lerrorik ez” daukala foru aldundiak, baina datorren urterako “bideren bat” lantzeko prestasuna agertu diete. Udaletxe berriaren prozesuan egindako bideagatik zorionak eman dizkiete foru agintariek udalekoei.
Europako Batasuneko Leader laguntzetara ere aurkeztu du Zaldibiako Udalak eskaria. “Azken hilabeteetan bertara aurkezteko txostena osatu dugu, eta diru laguntza lortzea lagunduko duten urratsak egin ditu udalak”, azaldu du Zaldibiako Udalak, bere webgunean. Udazkenean espero dute ebazpena.