Gau odoltsua gogoan
1936ko uztailaren 27tik 28ra bitarteko gauean, 35 lagun fusilatu zituzten faxistek Beasaingo Albisuenea etxearen aurrean. Gau odoltsu hura gogoratzeko, gaur, hilaren 27an, 19:00etan, ...
1936ko uztailaren 27tik 28ra bitarteko gauean, 35 lagun fusilatu zituzten faxistek Beasaingo Albisuenea etxearen aurrean. Gau odoltsu hura gogoratzeko, gaur, hilaren 27an, 19:00etan, ekitaldia egingo dute fusilatuen oroigarrian.
1936ko uztailaren 17an eta 18an Espainiako armadaren zati handi batek Errepublikaren gobernuaren aurka estatu kolpea jo eta hamar egunera, Pablo Cayuela teniente koronelaren tropak Beasainen sartu ziren, Alejo Beñaran urretxuar kapitainaren defentsa gaindituta. Errepublikarrek laguntzeko zutabe bat bidali zuten, baina ezin izan zuten frankistak sartzea eragotzi.
Ordu gutxian, hilketa ugari egin zituzten Beasainen. Frankistek Miren Abasolo Gordibil bi urteko haurra hil zuten lehenengo. Eta uztailaren 27 eta 28 arteko gaua odoltsuan izan zen: goizaldeko 05:00etan 35 lagun fusilatu zituzten faxistek, Albisuenea etxearen aurrean. Tartean zegoen Alejo Beñaran kapitaina.
Hilketek jarraitu zuten
Bestalde, Beasainen defentsan aritu zen Jose Luis Igartua atxilotu zuten zaurituta, eta lau hilabete beranduago Iruñean fusilatu zuten frankistek. Jose Maria Igartua (Jose Luisen semea) atxilotu, torturatu eta hilda Mutiloako errepidean bota zuten eta Isidro anaia ere borrokan hil zen.
Ekitaldia
Beasaingoa Gipuzkoako lehen hilketa masiboa izan zen, eta egun hura gogoan, gaur, uztailaren 27an, Beasaingo fusilatuen 82. urteurreneko ospakizuna egingo dute, 19:00etan, fusilatuen monumentuan,
Beasaingo Memoria Historikoaren Taldeak antolatuta. Azaroaren 6an, Beasain 1926-1945 liburua aurkeztuko dute.