«Kosta zait ohitzea, baina esperientzia oso ona da»
Dorleta Armendariz Amerikako Estatu Batuetan (AEB) ari da ikasten, kirol beka bati esker. Hango erritmora ohitzea kostatu bazaio ere, Euskadiko marka berria ...
Dorleta Armendariz Amerikako Estatu Batuetan (AEB) ari da ikasten, kirol beka bati esker. Hango erritmora ohitzea kostatu bazaio ere, Euskadiko marka berria jarri du mailu jaurtiketan. Uda pasatzera etxera itzuli da. Irailean itzuliko da AEBtara.
Ordiziara itzuli berria zara. Zer nolako esperientzia izan da?
Duela astebete iritsi nintzen, eta oso esperientzia ona izan dela esango nuke. Hasiera ez zen erraza izan, entrenamenduak-eta oso ezberdinak ziren, eta gorputza moldatzea kostatu egin zitzaidan hasieran. Baina gero ohitu naiz eta esperientzia bezala, niretzako oso ona izan dela esango nuke.
AEBetan bestelako garrantzia ematen diote kirolari. Alde handia nabaritu al duzu hemengoarekin alderatuta?
Bai, hura sekulakoa da! Instalazioak ikusgarriak dira. Hango unibertsitate batek kirol instalazio hobeak ditu hemengo edozein herrik baino. Kirol mailan ere alde handia dago.
Entrenamendu aldetik ere nabarituko zenuten, ezta?
Han egunero entrenatzen dugu eta exigentzia maila handia da. Asko kontrolatzen dituzte entrenamenduak eta elikadura. Serie bakoitza, pisu altxaldi bakoitza markatu behar izaten dugu. Ez dauka hemen ezagutzen dugunarekin zerikusirik; hemen ahal dena egiten da.
Euskadi mailako marka ere jarri berria zara mailu jaurtiketan: 56.20. Hori handia izango da ezta?
Duela bi hilabete izan zen, Texasen. Poz handia hartu nuen. Ez da orain artekoak bezala, jubenil edo gazte mailako marka bat, hau absolutua da!. Behar bada hango [AEBetako] markekin alderatuta ez da apartekoa izango, baina niretzako garrantzitsua izan da. Nik uste hango entrenamenduen eragina ere nabaritu dela horretan.
Espainiako Txapelketan ere izan zara asteburuan.
Lehendabiziko esperientzia izan da absolutu mailan, eta probatzeko gogoa nuen.
Eta aurrera begira, zein helburu dituzu kirol arloan?
Hilabete barru AEBetara itzuliko naiz, eta helburua entrenatzen eta hobetzen jarraitzea da. Nire marka pertsonalak hobetzen jarraitu nahi dut, eta markaren batek txapelketetara joateko aukera ematen badit, hobtoe, baina ez dut itsutu nahi. Hobetuz joanez gero, hasiko dira gauzak iristen.