Tomate entsalada hegaluze eta piperradarekin
(4 lagunentzat)
Hegaluzea 4 pusketa 2 tipulin 2 piper berde 3 tomate Oliba olioa Gatza Sagardo ozpina PrestaketaLehenik tipulina eta ...
Osagaiak
(4 lagunentzat)
- Hegaluzea 4 pusketa
- 2 tipulin
- 2 piper berde
- 3 tomate
- Oliba olioa
- Gatza
- Sagardo ozpina
Prestaketa
Lehenik tipulina eta piper berdeak juliana erara moztu. Zartagin batean, oliba olio zorrotada batekin erregosten jarri barazki hauek. Gatz pittin bat bota eta su ertainean 15 bat minutu eduki, eta gorde. Bitartean tomateak zuritu kontu handiz. Ondoren xafla biribiletan moztu eta platera edo erretilu batean ongi zabalduta jarri.
Hegaluzea
Hegaluzea lauki txikiagoetan moztu. Barazkiak erregosi ditugun zartagin berean, oliba olio zorrotadatxo batekin eta gatz pittin batekin plantxa moduan frijitu, su bizian, minutu bat alde bakoitzetik; hegaluzea lehortu ez dadin. Ondoren zartaginetik atera eta prestatu ditugun barazkiekin batera gorde.
Aurkezpena
Tomateari gatza bota eta hegaluze zein barazkiak gainetik zabaldu. Azkenik sagardo ozpina eta oliba olioz busti.
Pazientzia izanez gero tomate azalarekin eginiko larrosa plateraren erdian jar daiteke, argazkian ikusten den moduan.
Unean uneko sukaldaritza
Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinezen asmo eta indar guztia benetako sasoiko sukaldaritza egitea da; errezeta klasikoetatik urrundu, eta sinpletasuna bilatzea. Ahal den sukalde gutxien eta produktu gehien, gertuko produktuei garrantzi handia emanez.
Batik bat sukaldea jolas modura ulertzea da Markinezen nahia. Horrela, bere lan molderik garrantzitsuena inprobisazioa da. Karta finkoa baino gehiago egunean egunekoa eskaintzen du. Bezeroa mahaian eseri, eta «nahi duzuna jarri» esaten diotenean, beasaindarrak hau izaten du buruan: «Plater hori inork ez du aurretik probatu, ez eta berriro probatuko ere».
Kuko jatetxeko sukaldean produktuak dituzte, eta ez platerak. Produktu horiekin unean bururatutakoa prestatzen du Markinezek, eta sukaldean lan egiteko modu hori ez da ohikoa.