Urretxuko igerilekua XXI. mendean sartu da
Urretxuko Udalak igerileku bikain batzuk egin zituen 1980ko hamarkada amaieran paraje zoragarri batean. Baina zaharkituak gelditu ziren: putzu handiak ur asko galtzen zuen, makineria zaharkitua zegoen, sakonera handiegia zen… Aurten,
Urretxuko Udalak igerileku bikain batzuk egin zituen 1980ko hamarkada amaieran paraje zoragarri batean. Baina zaharkituak gelditu ziren: putzu handiak ur asko galtzen zuen, makineria zaharkitua zegoen, sakonera handiegia zen… Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin berritu egin ditu. Pagoetako igerilekuak XXI. mendean sartu dira azkenean.
Igerileku handia txikitu egin dute eta haurrena behera jaitsi dute. Gurasoentzat erosoagoa da eta zaintzaile gutxiago behar dira. Gainera, eguzkia hartzeko toki gehiago dago. Bestalde, Antzuolakoak bezalako ur jolasak jarri eta eskailerak berritu dituzte.
Igerileku handiak jada ez du ura galtzen eta, gainera, sakonera txikiagoa du. Hori dela eta, ur kontsumoa asko jaitsi da. Gainera, ura lehen baino epelagoa dago.
Negu gogorra egin du eta horrek lanak atzeratu ditu, baina bainu denboraldia ekainean hasi da aurten ere. Gainera, Pagoeta igerilekuak zorte onarekin ekin dio aro berriari: oraingoz, aurreko urteetan baino gozoagoa doa uda. Igerilekua egunero irekiko dute, 11:00etatik 20:00etara, irailaren 16ra arte.
Erabiltzaileen iritzia
Erabiltzaileak oso gustura ageri dira. «Eguraldi ona egiten duen guztietan etortzen gara. Oso ondo gelditu dela uste dugu», aipatu dute Miren Hernandezek, Paula Urteagak eta Malen Etxeberriak.
Ura epelagoa egotea eskertzen dute, batez ere. «Igerilekua txikiagoa da eta ura lehen baino askoz ere beroagoa da. Lehen oso hotza zegoen. Gainera, sakonera txikiagoa duenez, igerileku erdian ere egon zaitezke. Lehen erdialdea hutsik egoten zen eta ertzak, berriz, jendez gainezka egoten ziren».