Maide Garmendia Euskal Herriko IX. Sega Ligako gazte mailako irabazle
Igandean Altzon (Gipuzkoa) jokatutako Euskal Herriko IX. Sega Ligako hirugarren eta azken jardunaldiarekin, erabakita gelditu dira sailkapen nagusiak. Goierritarrek lan txukuna egin dute, bereziki, Maide Garmendia zaldibiarrak. Gazte mailan, aurkariei ez die aukera txikiena ere eman, eta nagusitasun osoz bereganatu du txapela. Hiru jardunaldiak irabazi ditu, eta beti egon da sailkapenaren buruan.
Nabarmentzekoa ere Migel Mari Jauregi
Altzo zaldibiarraren lana. Gizonezko helduen mailan hirugarren egitea lortu du, eta Etxalekuko (Nafarroa) proban garaipen partzial bat erdietsi zuen. Maila berean, Joxe Atin gabiriarrak, zazpigarren amaitu du sailkapen nagusian. Sailkapen nagusia Julen Gabirondo urnietarrak irabazi du. Erregularren izan da, eta azken jardunaldia irabazita, sailkapen nagusia ere eraman du.
Emakumezko nagusietan, laugarren izan da Haizea Arruti itsasondoarra, eta bostgarren Susana Lopez zaldibiarra. Ainara Otamendik eraman zuen hirugarren jardunaldia eta goierritarrak podiumean sartzeko aukerarik gabe utzi zituen. Alaitz Imaz izan da guztietan onena. Lehen bi probak irabazi ostean, ongi kudeatu zuen bere errenta Altzoko larreetan.
Gizonezko gazteetan ere laugarren eta bostgarren postuan amaitu dute goierriko ordezkariek: Enaitz Agirrezabala lazkaotarrak laugarren egin du, eta jarraian Josu Mendizabal zaldibiarrak. Agirrezabalak, iaz, hirugarren amaitu zuen, eta aurtengoan emaitza berdintzetik gertu egon arren, ezin izan du lana borobildu. Amaiur Arrospide izan da sailkapen nagusiko irabazlea.
Zaldibiako Almintza Sega Elkarteak antolatzen du Euskal Herriko Sega Liga. Aurtengoa bederatzigarren sasoia izan da, eta urtetik urtera hazten ari da: 2018an, denera, 33 segalarik hartu dute parte; ligaren ostean, Txekiara bidaiatuko dute hautatutako segalariek, abuztuaren 14tik aurrera, Europako Lehiaketan parte hartzera.
Lau mailetako txapeldunen argazkia
*Argazkiak: ataria.eus