Ordiziako Azokak ez du geldialdirik
Indaba txuri freskoa salgai egon da pare bat postutan
Ordiziako Azoka aurreratu egin da aste honetan, eta gaur egin dute. Saltzaileak ez dira oso itxaropentsu agertu plazan, erosle gutxi ibiltzen baita garai hauetan. Halere, produktu berriak egon dira. Esaterako, indaba txuri freskoa salgai egon da pare bat postutan. Aire libreko kiloa 12 eurotan saldu da, eta berotegikoa 10 eurotan.
Txaiota ere salgai egon da Arantxa Zurutuzaren postuan. Alea, euro bat. Hego Ameriketako barazkia da, baina Euskal Herriko hezetasunari esker ongi hazten da. Landare igokari baten fruitua izaten da txaiota: batzuetan arantzak ere izaten ditu azalean, eta ahuakatearen antzerako hezurra du barnean. Oso barazki eskertua da, era askotara presta daitekeelako. Halaber, Zurutuzak pare bat gibelurdin kilo ere salgai izan ditu. 25 eurotan saldu da kiloa. Gaur Lasa eta bere perretxikoen postu ez da Ordizian izan, baina perretxikoak erosteko aukera egon da.
Bertako fruituei dagokionez, askotariko sagarrak eta lehendabiziko txermenak ere egon dira: sagar gorria, reineta arrunta eta san inazio sagarra izan dira gaurko berritasunik handienak. Hurrenez hurren, kiloak euro bat, bi eta hiru balio ditu. Udareei dagokienez, moratini goizekoa aipagarriena. 2€/kiloa.
Eguraldiaren eraginagatik, fruituak behar baino lehenago erortzen ari direla aipatu dute baserritarrek. Esaterako, hurrak erori dira, baina dagoeneko helduta daudenez, ez da horren larria. Kezkagarriagoa da errezil sagarrak eta intxaurrak erortzen ari direla, oraindik erabat heldu gabe baitaude. Kontuak kontu, datorren astean fruitu berriak izatea espero dute saltzaileek: klaudia aranak puntuan egonik, posturen batek izango ditu datorren astean. Basaranak ere hastear daude.
Abuztuaren bigarren erdian sartzean, apurka apurka, Ordiziako Azoka bere normaltasunera itzuliko da. Datorren astean berriz ere asteazkenean izango da. Abuztuaren 29ko azoka berezia izango da: musika hamabostaldiaren harira, zortzikoteak eta leihotik leihora bertsotan ibiliko diren bertsolariak izango dira, besteak beste.