Maravillas gaztetxearen inguruko gatazkak klaseen arteko borrokaren aurpegi latzena agerian utzi duela salatu dute
Maravillas gaztetxearen aldeko bilkura
Goierriko txoko ezberdinetako 50 bat lagun bildu dira gaur arratsaldean Beasaingo Bideluze plazan, Iruñako Maravillas gaztetxeari elkartasuna adierazteko . “Maravillas aurrera, gaztetxeak bizirik” lemapean, elkartutakoek salatu dute “Maravillas gaztetxearen inguruan sortutako gatazkak klaseen arteko gudaren aurpegi garbiena erakutsi duela”.
Gaztetxeak langileen–etxeak direla babestu dute: “Maravillasek erakutsi digu helburuak langile elkartasunez lortzen direla. Klase gisa dugun indarra agerian gelditu da”. Horregatik, Iruñako Udala eta Nafarroako Gobernua halako mugimenduak geratzen saiatzea ez dela kasualitatea uste dute. Elektoralismoa eta indarkeriaren erabilera leporatu diete, eta bake soziala non dagoen galdetu.
Goierriko gazte, soldatapeko, pentsionista, etorkin, emakume, langile… oro larunbatean Iruñan egingo den kontzentraziora deitu dute. Autobusak egongo dira Ordiziatik eta Urretxutik.