Egunerokoa hasi aurretik, festak
Ataungo San Gregorio auzoan jaiak dituzte. Bihartik astelehenera arte, bost jardunaldi bete-bete. Kuadrillen juntadizoa ostiralean da. Ze Esatek taldeak joko du zapatuan
Ataungo San Gregorion prest dituzte aurtengo festak. Bost eguneko egitaraua ondu du Jai Batzordeak. Txupinazoko suziria jaurti, eta emakumezkoen pala partidekin hasiko dira jaiak, bihar iluntzean. Perlines-Urrestarazu ataundarrek, Agirresarobe-Uriarte elorrioarren aurka jokatuko dute. Herri afaria Artadin izango da. Aitor Sarriegi eta Aratz Igartzabal ariko dira bertsotan, Iñaki Rezusta Txasio ormaiztegiarra trikitia jotzen.
Kuadrillen eguna ostiralean mantendu dute. Jantzi zuriekin irtengo dira. «Bazkari indartsua» izan ohi da, Festa Batzordekoek adierazi dutenez. Gaua Inguma ataundarrak, Iratzarrek eta Ioar DJ herritarrak alaituko dute.
Larunbatean, kontzertua
Aurtengo festetako «apustu» handietako bat Ze Esatek taldearen larunbateko musika emanaldia da. Mozorro gaua ere izango da. «Belaunaldi gazteak errazago mozorrotzen dira lehengoak baino, agian umetatik ikusia dutelako. Indarra hartzen ari da». Disko jartzailea aldatu dute: Alberroren ordez —gaixorik da— Matxin.
Igandean, mutilen pilota partidak izango dira: Baztarrika-Elizegi, Zubiri-Garmendiaren aurka, eta Alberdi-Uranga, Zubizarreta-Aizpururekin.













