Beasain, Zumarraga, Ordizia, Legazpi, Urretxu eta Lazkaorako prestatu dituzte kanpotik etorritakoei harrera egiterakoan banatzeko
Sasieta Mankomunitatea osatzen duten sei udalerri handienetara begira –Beasain, Zumarraga, Ordizia, Legazpi, Urretxu eta Lazkao- kanpotik etorritako bizilagun berriei harrera egiterakoan, zabor eta hondakin bilketa egokia egiteko jarraitu beharreko informazioa ematen duen informazio orri bereziak prestatu ditu Sasieta Mankomunitateak. Informazio-orri horiek bost hizkuntzatan idatzita daude: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz. Sasietaren esanetan, «etorri berriek zabor bilketa zerbitzua behar bezala erabiltzeko informazio argia, laburra eta zuzena izan dezaten».
Informazio orrietan, herri bakoitzeko berezitasunak hartu dituzte kontuan: «Izan ere, antzeko zerbitzua jaso arren, herri batetik bestera desberdintasun ugari baitaude: edukiontzi grisa irekitzeko egutegian, traste zaharrak ateratzeko egutegian, edukiontziak irekitzeko sisteman (txartela, giltza…), pixoihalentzako edukiontziak, gertueneko garbigunea eta abar».
Harrera gunean
Informazio orriak udalek erabili ahal izango dituzte «bizilagun berriei harrera egiterako orduan: aurrez aurre (herritarren arretarako bulegoetan), telefonoz, internet bidez…».
Izan ere, Sasieta Mankomunitateko arduradunen ustez, «herritarrekin izaten den lehen harremana funtsezkoa da behar bezalako integrazioa eta bizikidetza errotzeko».
Interneten
Dena den, informazio orri guztiak, Sasieta Mankomunitatearen www.sasieta.eus webguneko Ikusi eta Ikasi atalean edonoren eskura daude.