Gernika eta Biarritz hartuko ditu Ampo Ordiziak etxean larunbatean
Ampo Ordiziak Santboiana talde kataluniarraren aurka jokatuko du 2018-19 denboraldiko lehen partida irailaren 16an, Altamiran. Bi asteren bueltan duten partida garrantzitsuari behar bezala aurre egiteko lanean hasiak dira abuztuaren erdialdetik eta bihar, etxean jokatuko dute Biarritz eta Gernikaren aurka. Bestalde iazko dinamikarekin jarraituta, ligako lehen itzuliak erabakiko du nork jokatuko duen Errege Kopa. Ampo Ordizia laugarren multzoan da Independiente eta El Salvador taldeekin batera. Multzoko lehendabizikoak jokatuko du Errege Kopa.
Heineken Liga hastear da eta indartsu hasi nahi dute ordiziarrek. Entrenamenduetako lehen egunak gimnasioan pasa zituzten Garmendia eta Marotiasen mutilek, eta berdegunean lehen lan saioa astebetera egin zuten. Helburua argia da: Santboiana taldearen aurkako partidara ahalik eta sasoikoen heltzea denboraldia ongi hasteko.
Ligako lehen partida irailaren 16an jokatuko badute ere, etzi, larunbata, etxean jokatuko duten aurredenboraldiko lehena dute. Gernika eta Biarritz Olympique Ordizian izango dira eta hiru taldeen arteko triangularra jokatuko dute. Horrela, zelaian lehen sentsazioak neurtzeko aukera polita izango dute. 17:30ean hasiko dira partidak.
Bizkaitarrek, lagun arteko partida bat jokatu dute dagoeneko. Aurreko astean Santanderren izan ziren eta erraz irabazi zioten Bathcori. Aurreko lerroan baja garrantzitsuak izan badituzte ere, taldea osatzeko ahalegin ona egin dutela esan daiteke.
Bestalde, lapurtarrek, datorren astean ekingo diote ligari eta aurre-denboraldia indarrean amaitu nahiko dute. Izan ere, goi mailara igo nahi duten jokalari gazteentzat Altamiran jokatuko duten bezalako partidak, euren balioa erakusteko aukera ona dira. Beraz, goi mailan tokia egiteko lanera etorriko dira Miarritzekoak.
Fitxajeak
Goierriko zaleek taldera iritsi diren hainbat jokalari ikusteko aukera izango dute. Horien artean, bueltan diren eta aski ezagunak diren batzuk: Ekaitz Sadaba eta Asier Arretxea aurrelariak eta Phil Huxford hiru laurdeneko lerroan. Horiez gain, Joubert Engelbrecht hegoafrikarrak eta Kawa Leauma zeelandaberritarrak Amporekin jokatuko dute. Gernika eta Biarritz hartuko ditu Ampo Ordiziak etxean