Herriko harri jasotzaile gazteak erakustaldirako prest
Xabier Martinez, Iker Mujika, Aitor Urdangarin eta Iñigo Garmendia gazteak lehenengo urratsak egiten ari dira harri jasotze munduan. Arantzamendi baserrian entrenatzen dute bertako Juan Garmendiarekin: «Hamabi urterekin hasi nintzen harriak jasotzen ni eta Usurben 24 aldiz aterata nago harri jasotzen». Aitor Urdangarinek duela bi urteko Beasainmendiko jaietan egin zuen jendaurreko lehenengo saioa; harrezkeroztik gehiago ere egin ditu herriko jaietan eta Arriaranen. Gainerako hiruentzat lehenengo saioa izango da igandekoa. Iker Mujikaren esanetan, «lehengusuak esan zidan Beasainmendin harri jasotze saioa egin behar zela eta animatu egin nintzen». Iñigo Garmendiak osaba du Juan: «Harri pila bat dago etxean eta beti hor ikusi ditut. Ea zer egiten dugun aurten».
70na kiloko erreka harriarekin eta bolarekin osatuko dute erakustaldia: «Harri bakoitzarekin bi minutuko saioak egingo ditugu, nork altxaldi gehiago egin». Urdangarinek duela bi urte 14 eta 16 altxaldi egin zituen, «baina orduan entrenatuta nengoen eta aurten gutxi aritu naiz». Mujika gustura geratuko da «hamar altxalditik pasatzen banaiz». Garmendia eta Martinez hamabina altxalditan ibiliko direla uste du irakasleak.
Teknika eta indarra
Harria jasotzerakoan teknika indarra edukitzea baino garrantzitsuagoa dela uste dute gazteek; irakasleak, berriz, indarrak garrantzia handiagoa duela uste du: «Indarra behar da eta gero teknika. Teknika edukita indarrik ez badago, alperrik da». Urdangarinen ustez, «harri txiki hauekin teknikak garrantzia handia dauka. Gure saioa azkarra da eta zenbat eta teknika hobea izan, gero eta hobeto altxatzen da, gutxiago nekatzen zara».