Mikel Zeberiori aitortza egingo diote Ordiziako Euskal Jaietan
Datorren asteazkenean, hilak 5 ospatuko dute Ordizian Euskal Jaietako egun handia. Urtero bezala aparteko azoka eta latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta lehiaketa egingo dituzte egun horretan. Ordiziako Udalak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak gainera, Mikel Zeberio Antia gastronomoari aitortza egingo diote egun horretan, Ordiziako Gazta Lehiaketaren zabalkundean eta epaimahaian hainbat urtetan egindako lanagatik eta berriki lortu duen kazetaritza jardun onenari eskainitako Espainiako Gastronomia Saria dela eta. Gaur egin dute aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundian eta bertan izan dira, Xabier Arruti, Nekazaritza eta Landa Garapen Zuzendaria; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea; Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkatea; Miriam Molina, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerentea eta Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko ordezkaria.
Beste behin ere, “lehenengo sektorearen garrantzia” nabarmendu dute prentsaurrean agertu direnek. Arrutik berak garbi utzi nahi izan du “datorren asteazkeneko aparteko azoka eta gazta lehiaketa, lehenengo sektorean jarduten duten guztien lana balioan jartzeko eguna dela eta jende horrek guztiak urte osoan zehar egiten duen lanaren erakuslehio ere” badela. Horren harira, Jose Migel Santamariak, Ordiziako alkateak esan du, “lehenengo sektorean jarduten dutenen lanak aurrera egin dezan, erosleen konpromisoa behar-beharrezkoa dela”. Gainera, alkateak, Euskal Jaien inguruan antolatu dituzten ekitaldien errepasoa egin du: “abuztuaren 29an hasi eta hilaren 9a arte iraungo du aurten Euskal Jaietako programak Ordizian. Urteroko ekitaldiei gainera, beste hainbat ere batu zaizkie, esate baterako, datorren larunbatean, irailaren 8an Euskadiko XII. Soinu Zahar Txapelketa eta Euskadiko XXXVIII Gipuzkoar Aurresku Txapelketa egingo baitira lehenengo aldiz Ordizian”. Bestalde, gazta txapelketarekin zer ikusia duen berrikuntzarik ere bada: “edizio honetan, aurre dastaketaren ondoren sailkatuak diren 14 artzainek finalistaren diploma bana jasoko dute”. Gazta txapelketarekin jarraituz, Miriam Molinak “aurten momentuz 51 gaztandegik parte hartuko” dutela esan du. Dena den, txapelketan parte hartzeko izen emate epea gaur arratsaldean itxiko dute.
Urteko gazta produkzioaren inguruan esan du “azkeneko urteetan egonkortzen ari” dela. “Eguraldia lagun izan ez bada ere, 1.320.000 kilo gazta produzitzea da aurreikuspena”. Gaztandegiei dagokienez ere “iazko gaztandegi kopuru berbera dago denominazioaren barruan, 122”, argitu du Molinak.
Jarraian, Bittor Orozek hartu du hitza. Orozek, “kontsumitzailearen garrantzia” aipatu du baita ere eta Ordiziako aparteko azokara gerturatuko direnei “bertako produktuak erosteko deia egin” die.
Azkenik Kutxa Fundazioko ordezkariak Ander Aizpuruk, “Kutxak Ordiziako Gazta Txapelketarekin kolaboratzen duen 54. urtea izango” dela gogorarazi du eta “aurrerantzean ere hala izatea espero” duela ere esan du.