Ataungo San Gregorio auzoan atzo hasi zituzten festak, eta gaur kuadrillen eguna dute. Eguerdian, txuriz jantzita bildu dira lagun-taldeak plazan. Artadi elkartean, plazako txosnan eta Sutegi tabernan trago batzuk jo ondoren, Zelai pilotalekuan bazkaldu dute. 125 lagun elkartu dira oturuntzan; adin askotakoak, baina gazteak gehienak. Helduagoek soziedadeetara edo jatetxeetara jo dute gehiago. Paella, haragi gixatua eta izozkia prestatu dituzte ataundarrek, frontoian bertan.
Mus txapelketa jokatu dute, eguerdian. 10 bikote aritu dira, plazan. Iraitz Zubizarreta-Eneko Arguedas bikoteak irabazi du, finalean Adur Barandiaran-Kepa Galparsoro 3-1 gaindituta.
Ataundar guztien topagune da San Gregorio, festetan. Sanmartindarrak eta aiarrak ere arrimatu dira, bai antolakuntzan laguntzera, bai txosnan edariak zerbitzatzera, eta bai parrandara. Kaleko giroa Asier Bidegain eta Leire Murua trikitilari ordiziarrek jarri dute.
Atzo, emakumezkoen pala partida izan zen lehen ekitaldia. Agirresarobe-Uriarte elorrioarrek 30 eta 29 irabazi zieten Perlines-Urrestarazu ataundarrei.
Arratsaldean, txokolate jana (18:00), karro karrera (19:00), euskal presoen aldeko ekitaldia (20:00), afaria (21:30) eta Inguma, Iratzar eta Ioar DJaren kontzertua (00:00) dituzte.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.