Argixaoko atletismo pista berritua irailaren 15ean inauguratuko dute
Zumarragako Udala Argixao estadioko atletismo pista berritzen ari da. Pista berritua irailaren 15ean inauguratuko dute, Goierri Garaia eta Argixao Atleta Herrikoiak taldeen erakustaldi batekin. Argixaoko atletismo pista 1990eko hamarkada hasieran
Zumarragako Udala Argixao estadioko atletismo pista berritzen ari da. Pista berritua irailaren 15ean inauguratuko dute, Goierri Garaia eta Argixao Atleta Herrikoiak taldeen erakustaldi batekin.
Argixaoko atletismo pista 1990eko hamarkada hasieran berritu zuten azken aldiz. Bartzelonako joko olinpikoetan erabili zuten material bera erabili zuten, baina dagoeneko zaharkitua gelditu da.
Oraingoa lodiagoa da eta gainera asfaltoarekin erabiltzen den prozedura bera erabili da. Aurrekoa bobinatan ekarri zuten.
Lanak ekainean hasi ziren. Geruza zaharra kendu, zorua garbitu eta berdindu eta bi geruza bota zituzten: iragazgaitza eta gorri kolorekoa. Gainera, salto eta jaurtiketa guneak eta padel pista berritu dituzte. Igandean margotze lanak hasi zituzten eta atzo arratsaldean bukatzea espero zuten.
Bestalde, drainatze sistema hobetu dute. Izan ere, orain arte sareta buxatu egiten zen eta pistan putzuak sortzen ziren. Obraren aurrekontua 270.000 eurokoa izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruaren erdia jarri du.
Zumarragako Udalak Luis Urdangarin futbol zelaian ere hobekuntzak egin ditu. Argixao auzora ematen duen aldean zorua berdindu dute. Horretarako, zazpi kamioi lur atera dute.
Txoko horretan gimnasia aparatuak jarri dituzte, adin guztikoentzat. Gainera, zoruan bigarren eskuko belar artifiziala jarri behar dute. Belar hau Ordiziatik ekarriko dute, doan. Horma-barrak, aulkiak eta mahaiak ere ipini behar dituzte.
Argixao auzora ematen duen atearen atzean ere belar artifiala jartzen ari dira. Hala, inguru guztian belarra egongo da. Esan futbol zelaia aspaldi inguratu zutela belarrarekin. Belar artifizial hau Etxeberritik ekarri zuten, doan. Horri esker, auzotarrek eroso paseatu dezakete. Izan ere, futbol zelaia berritu aurretik ere auzotarrek bertan paseatzeko ohitura zuten.
Udalak, belar artifizialaz gain, etxola batzuk ere ekarri ditu. Ezkiotik, hain zuzen ere. Kaseta horiek haurreskola bezala erabiltzen ziren eta Luis Urdangarin futbol zelaian aldagela bezala erabiliko dira. Mikel Serrano alkateak eskerrak eman dizkio Ezkioko Udalari.