Adimen urritasuna dutenei lan merkatuan sarbidea errazten die Pauso Berriak proiektuak, hari esker Ainhoa Zabala legazpiarrak lanean jarraituko du udaletxean
Legazpiko Udalaren eta Pauso Berriak proiektuaren ordezkariek hitzarmena sinatu dute gaur udaletxean bien arteko elkarlanari segida emateko. Elkarlan horri esker, Ainhoa Zabala legazpiarrak udaletxean lan egiten du. Gaurkoan, bide batez, kontratua luzatu diote.
Pauso Berriak Gureak eta Atzegik sortutako proiektu bat da. Adimen urritasuna duten pertsonei lan merkatuko sarbidea errazteko helburuarekin sortu zuten. Proiektua martxan jarri zutenean Legazpiko Udala atxiki zen lehenengotariko udala izan zen eta horren isla da honezkero zortzi urte direla Ainhoa Zabala udaletxean lanean hasi zenetik. Egun, proiektuari esker 150 pertsona inguru ari dira lanean Gipuzkoako erakunde zein enpresatan.
Zabala oso pozik eta urduri agertu da gaur hitzarmenaren sinaduran. Administrari lanak egiten ditu udaletxean, udal liburutegian eta gizarte zentroan. «Gutako bat da», esan du Koldobike Olabide alkateak eta Zabalak gaineratu du, «urte askoan jarraitzeko asmoa daukat eta gauza berri asko ikasteko gogoa».