Orkliko langileak eta Olano harategia irabazle sukaldaritza eta odolki lehiaketetan


Goierriko Odolki Onenaren 24. dastaketa eta lehiaketan zazpi parte hartzaile izan dira, eta Beasaingo Olano harategiak irabazi du txapela, bigarren Ormaiztegiko Jesus Mari Deba eta hirugarren Ordizia bertako Mujika harategia sailkatu diren bitartean.
28. Gastronomia topaketa eta 3. belaunaldien arteko sukaldaritza txapelketan, berriz, bederatzi talde eta bikotek parte hartu dute, eta sukaldean Orkli enpresa ordezkatuz lan egin duten Jose Carlos Saezek, June Saezek eta Mikel Pallinek irabazi dute. Portobello eta Idiazabal gaztarekin prestatutako onddoen capuccinoa izan da plater irabazlea.
Plaza Nagusiaren inguruan, bestalde, Azen erraldoi konpartsa eta trikitilariak eta txaranga ibili dira, eta Zuhaiztian Arabako Errioxako ardoa dastatzeko aukera izan da.