Ataungo 26 urteko emakumezko bat hil da Beran, auto istripuan
EiTB taldeak jakinarazi duenez, Ataungo 26 urteko emakumezko bat hil da gaur, Beran (Nafarroa) izandako trafiko ezbeharrean. Goizeko 08:30ean izan da istripua N-121 errepidean. Foruzaingoko iturrien arabera, emakumeak autoaren kontrola galdu eta kontrako noranzkoan zihoan furgoneta batekin talka egin du. Furgonetan zihoazen lau lagunek zauri arinak dituzte eta Bidasoako Ospitalera eraman dituzte.
LABek lan istripua eta errepidearen egoera salatu ditu
Nafarroako LAB sindikatuak, “N-121-A errepideak bertze langile baten heriotza” eragin duela salatu du. Doneztebeko Mendaur institutura zijoan 26 urteko ataundarra, “behin-behineko irakaslea” dela gogorarazi dute. Hain zuzen ere, “irakaskuntzako langileon lan baldintzak prekarizatzen dituen gaitz estrukturala interinitatea” dela salatu dute. Sindikatuak “irmoki” salatu nahi izan du “sektore honen langileariaren %30 inguruk lantoki finkorik ez duela eta urtetik urtera tokiz aldatu” behar izaten dutela. Errepide horren egoera ere salatu dute, “azken hilabeteetan ohiko” bihurtzen ari baitira horrelako berriak. Hori guztia salatzeko, bihar goizerako geldialdia deitu dute Mendaur institutuan, “zendutako lankidea oroitzeko”.