LH5etik gorako ikasleak hartuko dituzte urritik maiatzera luzatuko den ikasturte berrian

Bertso Olariak Legazpiko bertso eskolak urrian hasi eta maiatzera bitartean egingo duten ikasturterako izen-ematea noiz egin ahalko den aurreratu du. Irailaren 28an, 18:00etan, Itxaropen auzoan elkarteak duen egoitzan izena emateko aukera egongo da.
Astero ordu betez elkartu ohi dira. Bertso zaharrak ikasi eta egungo bertsolarien bertsoak ikasten dituzte. Ikasitakoez gain, bertsoak egiten ikasten dute.
Eskola ez da Bertso Olarien jardun bakarra. Horrez gain, ekitaldiak antolatzen dituzte, esate baterako, gaur bertan Agorreko Santikutzetan izango den bertsolari kalejira (20:00). Bertso saioak antolatzen dituzte eta bertso bazkari-afariak ere bai. Bertso triki poteoak egin izan dituzte eta Gaztetxean bertso eskolak eman ere.
Bertso eskolako matrikula doakoa da, bertsotan ikasteko eta aritzeko gogoa besterik ez da behar. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik aurrerako haurrak hartuko dituzte eskolan. Matrikula egiterakoan oinarrizko datuekin fitxa bat bete beharko dute eskolan hasi nahi duten ikasleek.