Elkarte arteko martxa zikloturista egingo dute igandean Urretxun
Igande honetan Goierri kirol elkartearen elkarte arteko martxa zikloturista egingo dute Urretxun. Txirrindulariak 09:00etan irtengo dira Jose Mari Lasa plazatik eta 84 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Txirrindulariak Salbatorera joango dira
Igande honetan Goierri kirol elkartearen elkarte arteko martxa zikloturista egingo dute Urretxun. Txirrindulariak 09:00etan irtengo dira Jose Mari Lasa plazatik eta 84 kilometroko ibilbidea osatuko dute.
Txirrindulariak Salbatorera joango dira eta Mandubia igoko dute. Ondoren, Azpeitiatik Urretxu-Zumarragara itzuliko dira. Bertan, anoa postua izango dute. Bukatzeko, Ormaiztegira jaitsiko dira eta Atagoitiko itzulia egingo dute. Amaieran ere indarrak berritzeko aukera edukiko dute.
Kirolprobak.com webgunean edo Zerki dendan eman daiteke izena, 10 euroren truke. Egunean bertan ere eman ahal izango da, Jose Mari Lasa plazan, 15 euroren truke. Federatuta ez daudenek 7 euroko asegurua ordaindu behar dute.
Kanpotik datozenek Aldiri kiroldegiko aldagelak erabili ahal izango dituzte. Gainera, Lizeoan aparkalekua egokituko dute.
Arduradun berria
Elkarte arteko zikloturista martxak ez du berrikuntzarik, baina Goierri kirol elkartearen zikloturismo sailean berrikuntza garrantzitsuak egon dira. Anjel Etxezarretak kargua utzi du eta Mikel Soraluzek hartu du lekukoa. «Inor ez zegoen saila eramateko prest eta bi bilera egin genituen. Ezer erabakitzen ez genuenez, ardura nik hartzea erabaki nuen. Dena den, gazte jendeak erreleboa hartu nahi ez badu, alperrik ari gara. 70 urtekook arduratzea ez du zentzurik. Duela 40 urte gu hasi ginen eta guk jarraitzen dugu».
Soraluze ez dago ados elkarte arteko zikloturistek izan duten aldaketarekin. «Parte hartzaileek dortsala jartzen dutenetik, lasterketak bihurtu dira. Lehen txango bat ziren eta egun ertzainak, anbulantzia… behar dira. Antolaketak lan handia eskatzen du eta Anton Rodriguezi esker atera dugu aurrera. Izan ere, berak Etxezarretari lagundu zion azken urteetan».
Soraluzek ez du ulertzen kanpotik martxa bat egitera etorri eta ziztu bizian ibiltzea, paisaiaz gozatu gabe. «Beharbada iraungia egongo naiz, baina hori da nire iritzia».
Bestelakoan, zikloturismo sailak astebururo irteerak antolatzen jarraituko du. Azken urteotako ildoari jarraiki, larunbatetan eta igandetan joango dira bizikletan ibiltzera.