Iparragirre 2020k babestuko du Goierriren saskibaloi taldea
Iparragirre 2020 egitasmoak babestuko du Goierriren gizonezkoen saskibaloi taldea. Iaz EBA ligara igotzea lortu zuten eta etxeko hamahiru jokalarirekin arituko dira. Duela urte batzuk ere Goierrik EBA ligan jokatu zuen,
Iparragirre 2020 egitasmoak babestuko du Goierriren gizonezkoen saskibaloi taldea. Iaz EBA ligara igotzea lortu zuten eta etxeko hamahiru jokalarirekin arituko dira.
Duela urte batzuk ere Goierrik EBA ligan jokatu zuen, baina orduko hartan ordainduta egin zuen. Oraingoan igoera kantxan irabazi du eta udalak aparteko laguntza ematea erabaki du, babesle lana eginez.
Jokalariek Iparragirre 2020 egitasmoaren logoa eramango dute kamisetan. Iparragirre 2020ren helburua Urretxuko olerkariaren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzea da.
Taldea asteazkenean aurkeztu zuten kultur etxean eta ekitaldian Jon Luqui alkateak, Javier Garcia de Andoin elkarteko lehendakariak, Jonpol Agirre saskibaloi saileko arduradunak eta Xabier Gorostegi entrenatzaileak parte hartu zuten. Jokalari gehienak ere bertan izan ziren.
Agirrek, iaz bezala, hamalau talde eta 200 jokalari izango dituztela esan zuen. Hauetatik ia %50 emakumezkoak dira. Iparragirre 2020ri, udalei, Goierri elkarteari eta Alaska tabernari (lehen taldearen beste babeslea) eskerrak eman zizkien.
Garcia de Andoinek klubean saskibaloi sailaz «harro» daudela esan zuen eta 200 jokalari izatearen garrantzia azpimarratu zuen. Gorostegik EBA ligan jokatzea erronka dela esan zuen. «Hamahiru jokalari ditugu, guztiak etxekoak. Bigarren taldeak eta gazte mailakoak gogor lan egingo dute kanpotik inor ekartzeko beharrik izan ez dezagun».
Luquik eskerrak eman zizkien egiten duten lanagatik. «Saskibaloi sailak 50 urte beteko ditu 2019an eta erreferente bat da. EBA ligan jokatzeak erakusleihoan jarri zaituzte. Iparragirre 2020ren leloa Urretxutik mundura da eta zuek egitasmo honi ikusgarritasuna ematea espero dut».
Bukatzeko, Agirrek jokalari ohiak 50. urteurreneko ekitaldien antolaketan parte hartzera gonbidatu zituen eta larunbatean bi partida egongo direla aurreratu zuen: 16:00etan bigarren taldeak jokatuko du eta 18:00etan lehen taldeak Euskal Kopako partida jokatuko du.