Herri Lasterketa krosa larunbatean jokatuko da. Txirrindulari Zaldibiako Saria igandean, denboraldiko azken aurrena aurten. Zortzigarren ekitaldia da bietan
2011tik ohikoa den modura, Zaldibian bi kirol probak asteburu bakarrean bat egingo dute. Korrikalarien eta txirrindulari amateurren bilgune izango da.
Larunbat goizerako, Zaldibiako VIII. Herri Lasterketa antolatu du udalak. Badira urte batzuk krosa arratsaldetik goizera aldatu zutena. 11:30ean hasiko da, eta betiko hiri ibilbidea izango du: 7 kilometro, kaletik Zelaako biribilgunera eta Arkaka aldera bi joan-etorri eginda.
Partaidetzak beherakada bat sumatu zuen iaz, baina ehun korrikalariren bueltan ibili izan dira. Probaren errekorra Aimad Bonziane santurtziarrak du gizonezkoetan, 22:18 minutu (2012). Emakumeetan, Maider Gaztañaga ordiziarrak lehenengo urtean ipini zuen erregistroa dago indarrean: 26:21 minutu. Maitane Guerrero hernaniarra da Zaldibian behin baino gehiagotan irabazi duen bakarra.
11 sari emango dituzte
Herri Lasterketan parte hartzeko, aurretiko izen-ematearen epea bihar itxiko dute,
herrikrosa.eus webgunean. 5 euro da. Egunean bertan ere izango da aukera (8 euro). Partaide guztiei kamiseta bana oparituko diete.
Gizon eta emakume sailkapenetan, irabazleek 120na euro eta garaikurra jasoko dute; bigarrenek 80na eta garaikurra, eta hirugarrenek 50na eta garaikurra. Emakume beterano onenak (35 urtetik gorakoa) eta gizonezko onenak (40tik gorakoa), garaikur banarekin sarituko dituzte.
Zaldibiarrentzat beren-beregi izendatutakoak, berriz, hiru sari izango dira: lehen emakume eta gizon sailkatuei garaikur bana, eta lehen talde mistoari (hiru herritarrek osatua behar du izan) 60 euroko saria, herriko tabernaren batean otordua egiteko.
Hamasei urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute.
Igandean, txirrindulariak
Amateur saileko euskal txirrindularitza denboraldiko azken aurreko probak hartuko dio txanda korrikari, igandean. VIII. Zaldibia Sari Nagusia jokatuko da, 10:00etan hasita.
Lehendakari txapelketako (23 urtez azpikoena) azken aurreko proba puntuagarria izango da. Sorreratik beti azkeneko lasterketa izan bada ere, aurten Oñatiko Proba jarri dute Lehendakariko azkena, irailaren 22an.
Gailurrerantz kirol elkarteak 110 kilometroko ibilbidea prestatu du. Lehenengo biran Itsasondoko Ibareseraino joan-etorria, eta bigarrenean eta hirugarrenean Alegiarainoko buelta egingo dute. Lau aldiz igaroko dira txirrindulariak Zaldibiako plazatik, karreran zehar. Tarteko helmugen saria horietan jokatuko da.
Azken bi biretan mendate bana sartu dituzte: Larraitz, Zaldibiatik gora (72. kilometroan), eta helmugaratu aurretik Gaintza, Larraitz aldeko errepidetik.
Lehendakariko sailkapen nagusian, bi karreraren faltan, Francisco Galvan (Lizarte) dago lehenengo (123 puntu). Xavier Cañellas (Caja Rural; 112 puntu) eta Albert Muela (Eulen; 109) daude gero. Garaipenerako aukera duten bakarrak dira.