
Eguzkiaren ondorenerako krema da
aftersun-a, baina gaur Ordiziako Oiangun ospatzen ari den
Aftersun musika jaialdian eguzkia presente egon da, eta baita hari aurre egiteko krema ere, ezinbestean. Aurreikusitako moduan egiten ari dira jaia, eta jende asko inguratu da Oiangura, asko eta asko familia giroan. Ez ohiko musika topaketa da, kontzertu guztiak energia berriztagarrien bidez hornitzen baitira.
Basque Country Solar Sound System, Ekiza, Los pies del Gato eta Maider Zabalegiren emanaldien ondoren, 19:00etan, Keu Agirretxea musikari bizkaitarraren txanda izango da, eta 20:30ak aldera, agurra. Iluntzerako badago beste plan bat, ordea. Aranzadiko kideen eskutik behaketa astronomikoa egingo baitute 21:00etan hasita.