Legazpiko 36. Sukaldaritza Lehiaketako lehen hiru bikote sarituak. Txapelarekin, Pilota Eskolako ordezkariak. Arg.: I. Gurrutxaga
Giro eguzkitsua lagun ospatzen ari dira Agorreko Santikuntzak Legazpin. Atzokoaren ondotik, goizean bola txapelketa eta haurren duatloia egin dituzte, eta eguerdi partean 36. Sukaldaritza Lehiaketa eta Erraldoien Alardea izan dituzte. Nafarroatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritako konpartsek Legazpiko sei erraldoiekin batera egin dute kalejira.
Bazkalaurrean ikusmina zegoen Azokan, 14:00etan baitziren ematekoak sukaldaritza lehiaketako epaia. Guztira 16 talde aritu dira bakailaoz betetako piperrak tomate saltsan prestatzen.
Irabazleak, Legazpiko Pilota Eskolako ordezkariak izan dira; bigarren Legazpiko Musika Bandakoak; eta hirugarren La Salle eskubaloi taldekoak.
Arratsaldean dantza emanaldia eta dantzaldia izango dira Euskal Herria plazan, eta bihar Korostiko erromeria egingo dute. Aurtengo Agorreko Santikutzei amaiera emateko zirku ikuskizuna izango da bihar arratsaldean.