Harri Rodriguez jarri da Lazkaon Goierriko xake txapelketan lehen lider
Haurrentzat antolaturiko Goierriko I. Xake Jaialdiak Lazkaon ekin dio bideari. Hiru jardunaldi izango ditu, guztira. Lazkaoko plazako frontoian lehiatu ziren, larunbat arratsalde guztian, 33 xakelari gazte. 12 urte arteko neska-mutikoek parte har dezakete.
Hamasei mahai osatu zituzten, eta puntukako eran garatu zuten lehiaketa. Aipatzekoa izan zen, Lazkaoko haurrekin batera, Zaldibiatik etorritako talde oparoa: zortzi haur zaldibiar aritu ziren, Jesus Mari Rodriguezek prestatutako taldekoak.
Hain justu, lehen bi postuak Zaldibiako xakelariek lortu dituzte, Lazkaon. Harri Rodriguezek irabazi du (5 puntu), bigarren Adil Afryad herkidea (4) izan da, eta hirugarren Nikolas Contreras ataundarra (4). Garaikur bana jaso zuten saritzat, eta partaide guztiek linterna bana opari.
Bigarren jardunaldia larunbatean da, Beasainen, 16:00etan, Gernika pasealekuko frontoian. Izena 15:30ean eman behar da, bertan. Egun solteetan parte har liteke, bakoitzean emango dituztelako sariak, orokorraz gain.