Lehengo lepotik burua Ormaiztegiko harriak
Borja Irizar eta Amaia Eskisabel izan dira indartsuenak; Aurten emakume gehiagok hartu dute parte gizonak baino
Borja Irizar eta Amaia Eskisabel faborito nagusiak ziren, eta ez dute hutsik egin. Berriz ere beraiek izan dira Ormaiztegiko harria urrutien jaurti dutenak.
Eskisabelek gertu izan du bere marka: 12 metro eta 50 zentimetrora jaurti du harria, marka baino bost zentimetro gutxiago. Garazi Matxainek egin du bigarren 9 metro eta 68 zentimetrorekin. Gizonezkoetan, Irizarrek irabazi du 26 metro eta 20 zentimetroko markarekin. Marka baino bi metro eta erdi gutxiago jaurti du. Urko Berasategi izan da bigarren 24,14 metrorekin.
Arratsaldean futbol partidak, jolasak eta patata tortilla lehiaketa izango dira. Afari herrikoia ere izango dute ormaiztegiarrek, Benta Zaharreko Mutiko Alaiek alaitua.