Itsasoko Udalak ziurtatu du eskubidea duela 2019an udal hauteskundeak egiteko
Segurtasun Sailak Itsasori buruz 2019ko udal hauteskundeeetarako atera duen informazioa “oker” dago. Hala jakinarazi dio Itsasoko Udalaren abokatuak egunkari honi. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan bozketa Itsasoko udalerrirako egiteko eta hortik udala eratzeko eskubidea duela gehitu du. “Itsasoko Udalak ez du lege suspentsiorik, ez debekurik, ez neurri kautelarrik. Gipuzkoako Foru Aldundiaren dekretua [Itsaso udalerri izendatzen duena] indarrean dago”, zehaztu du Juan Landa abokatuak, Itsasoren desanexioa eta Estatuarekiko aferak juridikoki gidatu dituenak.
Gaur goizean zabaldutako informazioaren arabera, Espainiako Gobernuak jarritako errekurtsoaren ondorioz, “maiatzaren 26ko Udal hauteskundeetan Itsaso herria ezin izango da Gipuzkoako 89. udalerri berria izan”. Abokatuak zehaztu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Itsasoren aldeko epaia emana duela. “Udalerriak sortzeko eskumena Lurralde Historikoena dela dio, eskumen historikoa dutela. Ondorioz, ondo eratuta dagoela Itsasoko udalerria”, gehitu du Landa abokatuak.
Espainiako Gobenuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2016-12-21eko dekretu hura inpugnatu egin zuen, eta uko egin zion Itsaso Estatuko Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeari. EAEko Auzitegi Nagusiak ez zion arrazoirik eman ordea, eta helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean da orain. Goreneko sententzia atera arte “bizpahiru urte” igaroko direla kalkulatzen du Itsasoko Udalak. “Bitartean, Itsasok jarraitu ahalko du funtzionatzen, bere eskubideekin, EAEko Auzitegiak aldeko epaia eman duelako, debekurik eta neurri kautelarrik jarri gabe”.
Hauteskundeei begira, ordea, Espainiako Gobernuaren esku dagoen oztopo bat ere bada. Hautesle errolda gobernuak ematen du . Zentsoa edukitzeko, berriz, Estatuko Toki Erakundeen Erregistroan inskribatuta egon behar da. “Hor Gipuzkoaren eta Estatuaren arteko talka dago”.
Bestetik, “bide politikoa” dagoela gogoratu du udalak, eta Espainian gobernu aldaketa izan dela gogoratu dute, udalerriaren sorrera inpugnatu zuenetik.